AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greban ziren eta behin-behineko kontratua zuten 100 zamaketari kaleratu dituzte Bilbon

Egun batetik bestera, portura sartzeko txartelak desaktibatu dizkiete ETTen bidez kontratatzen zituzten langileei. Greba bi astez luzatzea erabaki dute langileek.

Greban ari zirela, eta urteetan zehar Bilboko Portuan lanean aritu ondoren, egun batetik bestera kaleratu dituzte 100 zamaketari inguru. ETT aldi baterako enpresen bidez kontratatzen zituzten langile horiek, eta atzo, portura joatean, desaktibatuta zeuzkaten akreditazio txartelak.

Urriaren 9tik ari dira greban Bilboko zamaketariak, lan-baldintzen hobetzeaz gain, aldi baterako langileak kontratu finkoak izatera igaro daitezen exijitzeko. Orain, enpresek "errepresaliak" hartu dituztela salatu dute langileek, hain zuzen, behargin "zaurgarrienen" aurka. "De facto", 100 langile horiek kaleratu egin dituztela azaldu dute, nahiz eta portuko lan-kargari aurre egiteko beharrezkoak izan.

Besteak beste, azken hamar urteotan erretiroa hartu duten langileen postuak ez dituztela bete oroitarazi dute: 2010ean, 408 zamaketari ziren, eta orain, 314. Kaleratutako langile horietako batzuek hamabi urte zeramatzaten lanean, egunez eguneko kontratuekin.

Greba luzatzea erabaki dute

Orain arte, igandera arte zeukaten greba deialdia, baina egoera ikusita, borrokaldia luzatzea erabaki dute zamaketariek. Beste bi asterako iragarri dute greba, azaroaren 9ra arte. Bi orduko eta txanda osoko lanuzteak tartekatzetik, txanda bakoitzeko orduen erdiak betetzera igaroko dira orain.

Aurtengo uztailean salatu zuten beharginek enpresetako zuzendarien borondate eza hitzarmen kolektiboaren negoziaketak aurrera egin zezan. Abuzturako 21 eguneko greba deitu zuten orduan zamaketariek.

Berrogeita bigarren eguna du gose eta komunikazio greban Iñaki Bilbao preso politikoak
Bigarrenez eraman zuten ospitalera igandean, eta Puerto III espetxera itzuli zuten ondoren. Hainbat mobilizazio egingo dituzte gaur ere Iñaki Bilbaoren alde; Donostian, manifestazio bat antolatu dute larunbaterako.