AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greziako uretan 500 lagunek jarraitzen dute desagertuta, eta zalantzan dago kostaizanen bertsioa

Aurreko asteazkenean hondoratu zen 700 pertsona inguru zeramatzan ontzi bat Mediterraneoan. 81 lagun hilda topatu dituzte, 105 erreskatatu dituzte, eta gutxienez 500 desagertuta daude. Ikerketa batek kolokan jarri du Greziako autoritateek kostazainen esku-hartzeari buruz emandako azalpena.

Duela ia astebete, aurten izan den naufragiorik hilgarriena gertatu zen Greziako uretan, Kalipsoko Fosa deiturikoan. Datu zehatzak argitu ez badituzte ere, badirudi 700 pertsona inguru zihoazela arrantza-ontzi batean; Libiatik irten ziren eta Italiara heldu nahian ari ziren. Itsaso joniarreko hego-ekialdean, ordea, urperatu egin zen ontzia, eta sarraski bat izan da: 81 lagun uretan hilda aurkitu dituzte, 105 pertsona erreskatatu dituzte eta gainerako guztiak, 500 inguru izan daitezkeenak, desagertuta daude oraindik.

Sei egunen ostean, aurrera doaz bilaketa-lanak, baina azaldu dute zaila dirudiela inor bizirik topatzea. Egunek aurrera egin ahala, baina, gero eta zalantza gehiago sortu dira Greziako kostazainen esku-hartzearen inguruan. Izan ere, galdutako ontziak egunak zeramatzan arriskuan, eta hainbatetan egin zituen laguntza eskatzeko deiak. Greziako autoritateek, hasieran, esan zuten migratzaileek uko egin ziotela laguntzari. Gerora, ordea, frogatu da modu errepikatuan eskatu zutela laguntza ontzitik, Alarm Phone Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez. Hainbat orduz egon zen geldirik arrantza-ontzia, ez atzera ez aurrera.

Naufragiotik bizirik atera diren hainbat pertsonak azaldu dute, gainera, Greziako kostazainek arrantza-ontzia lotu eta atoian eraman zutela, Greziako uretatik urruntzen saiatzeko. Antza, ontziak une horretan galdu zuen egonkortasuna, eta orduan hondoratu zen.

Gutxienez hamar pertsona atxilotu dituzte sarraski horregatik, bat Pakistanen eta bederatzi Grezian. Gaur deklaratuko dute Grezian atxilotutakoek, eta pertsonen salerosketan aritzea leporatzen diete.

'Argia'-ri mehatxu egin dio Solway Investment Group multinazionalak
Guatemalako Paolina Albani kazetariari egindako elkarrizketa ezabatzeko eskatu dio enpresak hedabideari, bai eta 15.000 euro ordaintzeko ere. Besteak beste, Solwayen kutsadura-txostenei eta legez kontrako praktikei buruzko informazioa atera dute argitara zenbait kazetarik.