AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Guardia Zibilaren "jazarpena eta erasoaldi errepresiboa" salatu dituzte Altsasun

"Erasoaldi hau oso erraz laburtu daiteke: etengabeko isun politikoak", azaldu du Altsasuko Isunen Aurkako taldeak; azken bi urteetan, osotara 30.000 euroko isunak ezarri dizkie Guardia Zibilak. Irailaren 3rako Ospa Eguna antolatu dute Altsasun, eta ekimena debekatzeko eskatu dute hainbat taldek.

Aurreko astean agerraldi bat egin zuen Altsasuko (Nafarroa) Isunen Aurkako Taldeak, "hainbat herritarrek Guardia Zibilaren partetik sufritzen" duten "jazarpenaren eta erasoaldi errepresiboaren" berri emateko. "Erasoaldi hau oso erraz laburtu daiteke: etengabeko isun politikoak", esan zuten prentsaurrekoan hitza hartu zuten bi kideek. Izan ere, jakinarazi dute azken bi hilabeteetan hamar isun baino gehiago ezarri dizkietela guardia zibilek, eta milaka eurokoak direla horietako zenbait.

Azken zigor horiekin, guztira, 30.000 eurora heltzen da azken bi urteetan Guardia Zibilak jarritako isunen zenbatekoa. Agerraldian zehaztu zutenez, hamaika arrazoi aitzakiatzat hartuta ezarri dituzte isunak agenteek: "biolentzia matxista salatzeagatik, Ikasle Abertzaleaken mobilizazioetan egondako atxiloketak salatzeagatik... Haur eskoletako grebalariekin Elkartasun Argazki bat ateratzeagatik ere isundu gaituzte".

"Horrek guztiak jatorri komun bat du" Isunen Aurkako Taldearen esanetan: "instituzioetatik kanpo antolatzeko ezintasuna eta oinarrizko askatasun politikoen ukapena". "Hori da gure isunen muina. Militantzia politikoa ekidin nahi dute, militanteen biziraupen materiala kolokan jarriz ere bai", gaineratu du. Azpimarratu du, beraz, "errepresio ekonomikoak" militantzia politikoa "irenstea" lortuko lukeela "aurrean antolakuntza indartsu bat aurkituko" ez balu, eta horregatik dela "hain garrantzitsua", esaterako, Isunen Aurkako Taldeak antolatutako "ekimenetan parte hartzea".

Ospa Eguna, datorren astean

Irailaren 3rako ohiko hitzordu bat dago jarrita Altsasun: Ospa Eguna, Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu lelopean. Ekimen horretan parte hartzera ere deitu du Isunen Aurkako Taldeak, "errepresioaren kontrako borrokan pausoak ematen jarraitzeko". "Poliziaren normalizazioa, presentzia eta errepresioa handitzen doazen garai hauetan, edozein gorputz polizialen beharraren kontra agertuko gara beti", aldarrikatu du Isunen Aurkako Taldeak.


Pablo Gonzalezek urte erdia bete du behin-behineko espetxealdian eta inkomunikazioan
Behin-behineko kartzelaldia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki du Poloniako auzitegi batek. Kazetariari oraindik ez diote utzi bere gertukoekin ez eta bere konfiantzazko abokatuarekin hitz egiten; defentsak azpimarratu du ez dagoela haren aurkako frogarik.