AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gune autogestionatuak babesteaz gain, oro har "langile kontrolpeko espazio guztien defentsan" jardungo du aurrerantzean Errakik

"Gune autogestionatu izenpean autoidentifikatutako komunitatean" ekin zion lanari Erraki sareak, eta ia urtebeteko ibilbidean, "babeserako bitarteko eraginkorrak garatzen" eta "espazioen defentsa indartzen" aritu da. "Babes sare proletario batek babestu beharko lukeen" eremuaren inguruan ere hausnartu dute Errakiko kideek, eta ondorio nagusi bati bide egin diote jada: aurrerantzean, gune autogestionatuak babesteaz gain, oro har "jabetza eredu burgesa hausteko hautua hartzen duten sektore proletario guztien" defentsan jardungo du; "langile kontrolpeko espazioen" defentsan.

Maitasunez eta herratik, "gune autogestionatu izenpean autoidentifikatutako komunitatean" hasi zen lanean Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sarea, duela ia urtebete. Orain, 2020. urteko otsailean, jauzi erabakigarri bat ematea erabaki dute Errakiko kideek: hemendik aurrera, gune autogestionatuen defentsan aritzeaz gain, oro har "jabetza eredu burgesa hausteko hautua hartzen duten sektore proletario guztiak" babestuko dituzte; "langile kontrolpeko espazio" guztiak, alegia.

"Gaztetxeek, gune sozial okupatuek, etxebizitza blokeek edota bestelako kolektiboek" bizi duten "baliabide faltari" aurre egiteko jaio zen Erraki; hala nola "errepresioari erantzuteko" eta "espazioen defentsa indartzeko" asmoz, "babes mekanismo eraginkorrak antolatzeko".

GOGOETAK

Horretan jardun du ia hamabi hilabetez, eta hainbat hausnarketari heltzeko tartea ere izan dute babes sareko kideek. Hala, "babes sare proletario batek babestu beharko lukeen" eremuaren inguruan egin dute gogoeta, "auzia ikuspuntu proletario batetik aztertzeko", eta askotariko guneetan azaleratzen diren gatazkak "klase borrokaren adierazpenak direla ulertzeko kontzeptuak lantzeko eta garatzeko".

Hausnarketatik erdietsitako ondorio nagusiak esku artean ditu jada Errakik: lan eremua zabalduko dute, gune autogestionatuetatik harago. Aurrerantzean, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarea izango da.

JABETZA EZA OINARRIAN

Jauzi berri hori emateko, Errakik ebatzi du "langile kontrolaren hedapenerako baldintzak eraikitzen" egin beharra duela lan, "ezer ez dugunon interesen alde". Izan ere, gogoan izan dituzte "historian zehar espazioen langile kontrolak utzi dizkigun esperientziak: birjabetutako ospitale, fabrika, hotel, edota auzo osoetatik hasi, eta ordainketei uko eginez etxebizitzaren defentsa egin duten familia proletarioen borroketaraino".

"Esperientzia ezberdinak badira ere, oinarrian, jabetza pribatua gainditu eta jabetza proletarioa ezartzeko beharrak ezaugarritzen dituen borroka adierazpenak dira", gaineratu du Errakik. "Funtsean, jabetza ezak ezaugarritzen gaitu, eta ezinbestean, ostua izan zaigunaren birjabetzeak ezaugarrituko du gure askapena; ekoizpen eta bizi prozesuen kontrola eskuratzeko, jabetza pribatuaren aurkako oldarraldiak, alegia".

BABESGABETASUNARI AURRE

Gaurtik aurrera, beraz, lan eremua ireki eta orotariko espazioetan erronka berriei helduko die Errakik; "espazioen kontrolagatik ematen diren gatazka guztien oinarrian, jabetza eza eta langilegoaren egiturazko dominazioa daudela azaleratzen, eta batez ere, babesgabetasunari eraginkorra den modu bakarrean aurre egiten: klase batasunean ardaztuko den langilegoaren antolakuntza independentearen eraikuntzarekin".

Errakik argitaratutako bideoa ikusteko, egin klik hemen

Ikasle greba deitu du Ikasle Abertzaleakek martxoaren 26rako, 'Tasak merketu, bekak hobetu!' lemapean
Martxoaren 26rako egun osoko ikasle greba deitu du IAk, unibertsitateetan, bigarren mailako hezkuntzan zein lanbide heziketan. "Unibertsitateko tasak merketzearen eta bekak hobetzearen aldeko greba" izango da, eta IAko kideek mobilizazioak iragarri dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. UIBk beken eta tasen auzian mahaigaineratutako bost aldarrikapenak "indartzeko eta gauzatzeko aurrerapauso bat emateko" asmoz egin du deialdia IAk.