AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gutxienez 60 pertsona migratzaile hil dira Italian, itsasontzi bat hondoratu ostean

200 lagun inguru zeramatzan Turkiatik irten zen ontziak. Calabriako uretan, bitan zatitu eta itsasperatu egin zen. Gutxienez 60 migratzaile hil dira, eta beste 80 inguruk lortu dute kostaldera iristea.

Oraingoan ere Mediterraneoan izan da sarraskia, Steccato di Cutroko uretan, Italiako Calabria eskualdean. Itsasontzi batean zihoazen migratu nahian ari ziren 200 pertsona inguru, baina gainkarga eta itsaso zakarra zirela-eta, hondoratu egin zen ontzia. Dirudienez, lau egunez egin zioten itzuri Greziako kostaldeari, Italiako hegoaldeko muturra bilatuz. Kostatik 150 metrora zeudenean, olatu handiek arroketara jaurti zuten 20 metroko luzeerako itsasontzia, eta modu bortitzean zatitu zen.

Steccato di Cutroko kostaldera heltzea lortu zuten hainbatek; antza, ontzi horretan zihoazen 80 pertsona inguru daude bizirik. Dena den, gutxienez 60 lagun hil dira itota, horietatik 20 inguru, haurrak. Baliteke hildako gehiago izatea eta gorpu gehiago topatzea; esan bezala, 200 pertsona inguru baitzeuden itsasontzian.

Irangoak, Pakistangoak nahiz Afganistangoak dira migratu nahian ari ziren pertsonak. Badirudi Turkiako mendebaldetik irten zela ontzia, Esmirnako portutik, eta larunbatean itsasperatu zen.

Asiatik migratu nahi duten pertsonei, trafikatzaileek gero eta gehiago eskaintzen omen diete migrazio-bide hori. Bada hamarkada bat ibilbide turkiarra deiturikoa erabiltzen dela, baina, antza, erabilerak gora egin du azken urteetan. 2022an, 42.800 lagunek jo zuten bide horretara. Ohartarazi dute, ordea, Turkia eta Calabria itsaso bidez lotzen dituen bide hori bereziki luzea eta arriskutsua dela. Beste asiar batzuek itsaso bidezko ibilbide hori hautatzen dute Greziara arte, eta Balkanetatik igarotzen dira gero.

Emakume bat bortxatu du gizon batek Iruñeko Alde Zaharreko atari batean
Larunbat goizaldean, emakumea etxera bidean zela harrapatu zuen gizon batek, eta atalondo batera eraman zuen indarrez. Itaiak protestara deitu du bihar arratsalderako, 'Indarkeria matxista orori aurre egin' lelopean.