AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gutxienez hiru eraso matxistaren berri eman dute azken egunetan

Ostiral gauean, emakume bati eraso zion bere senarrak Irunen, eta goizaldean, beste emakume bati sexu-eraso-bat egin zioten bi gizonek, Donostian. Atzo goizean, bestalde, emakume bat erailtzen saiatu zen bere bikotekidea, Santurtzin. Portugaleten, gainera, gizon bat atxilotu zuten joan den ostegunean, abuztuan emakume bat bortxatzeagatik.

Gutxienez hiru indarkeria matxista kasu atera dira argitara Euskal Herrian pasa den asteburuan. Ostiral gauean, batetik, emakume bati eraso zion bere bikotekideak Irunen (Gipuzkoa); hainbat zauri egin zizkion. 23:00ak aldera izan zen erasoa bikotearen etxebizitzan, eta atxilo eraman zuten gero 86 urteko gizona. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, aske utzi zuten, karguekin.

Handik hainbat ordura, goizaldean, beste emakume bati eraso zioten bi gizonek Donostian (Gipuzkoa). 06:15ak aldera atxiki zuten emakumea indarrez Alde Zaharrean, eta ukituak egin zizkioten. Neskaren zenbait lagun hari laguntzeko hurbildu zirenean, ihes egin zuten bi erasotzaileek. Hainbat ordu beranduago aurkitu eta atxilotu zituzten; 24 eta 38 urte dituzte.

Igande goizean, bestalde, Santurtzin (Bizkaia) izan zen eraso matxista bat: emakume bat sastakatu zuen bere senarrak. 37 urteko gizona, hain zuzen, 10:30ak aldera saiatu zen bere bikotekidea hiltzen, etxebizitza batean. Zauri larriak egin zizkion lepoan eta besoan, eta abisua jaso eta poliziak bertaratu zirenean, larri zauriturik topatu zuten andrea. Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman zuten, eta atxilotu egin zuten senarra.

Aurreko ostegunean, gainera, gizon bat atxilotu zuten Portugaleten (Bizkaia), joan den abuztuaren 30ean emakume bat bortxatzeagatik. Sare sozialen bidez ezagutu zuten elkar neskak eta erasotzaileak; hitzordu bat jarri zutenean, mutilaren etxebizitzara joan ziren biak, eta han bortxatu zuen emakumea 29 urteko gizonak.

Absoluziozko epaia aldatu eta 425 urteko beste zigor bat jarri diote Marixol Iparragirre preso politikoari
Auzi horretan, Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuen Iparragirre iazko martxoan. Auzitegi Gorenak, baina, 1985eko ekintza batekin lotutako epaia berriro aztertzea eskatu zuen eta, oraingo honetan, 425 urteko kartzela-zigor bat ezarri diote preso politikoari.