AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gutxienez hiru pertsona hil dira Grezian, itsasoz migratu nahian

Baltsa puzgarri batean zihoazen jatorri afganiarreko 27 pertsona. Greziako Quios uhartetik gertu jo dute hondoa, eta gutxienez hiru lagunek galdu dute bizia.

Itsasoz migratu nahian ari ziren hiru pertsona hil dira asteazken honetan Greziako uretan, Quios irlatik hurbil. Baltsa puzgarri batean zihoazen 27 lagun, eta ontziak behea jo zuen badia harritsu batean. Hiru pertsonak (iturri batzuen arabera, haurrak ziren) bizia galdu zuten, eta gerora erreskatatu zituzten beste hamasei; tartean, adin txikiko zortzi. Gainerako guztiak desagerturik daude.

Baltsak hondoa jotzean, ihes egitea lortu zuten gutxienez hiru pertsonak, eta Quios uhartera heldu ziren. Haiek jakinarazi zuten badian harrapatuta zeudela hainbat lagun, eta orduan hasi ziren erreskate-lanak.

Itxura denez, jatorri afganiarrekoak dira ontzian zihoazen pertsonak, eta Turkiako kostaldetik irten ziren, Europar Batasuneko kostaldera iristen saiatzeko.

Bost lagun epaituko dituzte hilaren 17an, Iruñeko Bloke Sozialistako etxegabetzeei lotuta
Iruñeko Udalaren aginduz, Poliziak iazko azaroan hustu zuen Jarautako blokea, hainbat egunez hura setiatu ostean. Bloke Sozialistan zirenei elkartasuna adieraztera joan ziren bost pertsona salatu zituen UPNk, eta salaketak mantentzea erabaki dute EH Bilduk, Geroa Baik zein Contigo-Zurekinek. Beraz, hurrengo asteazkenean izango da epaiketa, eta 13:00etan epaitegira bertaratzera deitu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak.