AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gutxienez lau emakume ziztatu dituzte Iruñeko San Fermin jaietan

Ziztadak sentitu zituzten lau emakumeek, eta zorabioa eta desorientazioa gero. Gora doaz ziztada bidezko erasoak Frantziako Estatuan eta Europako beste toki batzuetan.

Larunbatetik iganderako gauean, lau emakumek jo zuten larrialdi-zerbitzuetara Iruñean (Nafarroa), pertsona ezezagunek ziztatu zituztela-eta. Zorabiatuta zeuden, eta kordea galtzeko sentsazioa ere bazuten zenbaitek, Diario de Navarra-k azaldu duenez. Arrieta kalean jaso zuten aurreneko abisua larrialdi-zerbitzuek, larunbatean, 21:00ak aldera. El Redin deituriko zonan izan zen bigarren erasoa, 23:00ak aldera. Gero, 02:00ak aldera, beste bi erasoren berri izan zuten larrialdi-zerbitzuek Sarasate pasealekuko postuan.

Orratz edo xiringa baten ziztada nabaritu zutela diote erasotuak izan ziren lau emakumeek, eta horren ostean sumatu zutela ondoeza. Sumisio kimikoari erantzuteko protokoloa jarri zuten martxan lau kasuetan, eta analisiak egiteko frogak jasotzea barne hartzen du horrek. Foruzaingoari bideratu dizkiote kasu guztiak.

Azken hilabeteetan, Europako hainbat lekutan ugaritu dira ziztada bidezko erasoak; nabarmena da Frantziako Estatuan izan den olatua, esaterako. Ipar Euskal Herriko Itaiak ekainean salatu zuen Ipar Euskal Herrian ere gora egin dutela mota horretako erasoek, eta sarri sexu-erasoei lotuta egon ohi direla ziztadak.

Frantziako Estatuan egindako azterketetan ez dute lortu identifikatzea zein den zehazki biktimei ziztatzen dieten substantzia, eta ez dago argi beti gai berdina ziztatzen zaien ere. Dena den, susmatzen dute estasi likidoa izan daitekeela; "bortxatzaileen droga" modura ezaguna da.

Asteburuan sexu-erasoa egin diote emakume bati Tolosan
Elkarretaratze bat antolatu du Tolosaldeko Itaiak gaur arratsalderako; 20:00etan izango da protesta, Triangulon.