AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Hamar egunetan, gutxienez zortzi langile hil dira lan-istripuz Euskal Herrian

Aurreko ostiralean izan zen azken heriotza: makina batek harrapatuta galdu zuen bizia behargin batek, Urizaharreko harrobian.

22 egun baino ez dira igaro urtea hasi zenetik, eta izugarria ari da izaten lan-heriotzen segida Euskal Herrian: gutxienez zortzi langilek galdu dute bizia soldapean lanean ari zirela, lan-istripuz. Heriotza guztiak, gainera, hamar eguneko epean gertatu dira: urtarrilaren 9an izan zen aurrenekoa, Santurtzin (Bizkaia), eta urtarrilaren 19an azkenekoa, Urizaharrean (Araba).

Aurreko ostiralean (hilaren 19an), zehazki, makina batek harrapatuta hil zen behargin bat Urizaharreko harrobian. Arratsaldeko 14:00ak aldera izan zen istripua. Egun bat lehenago, ostegunean, Lezo (Gipuzkoa) eta Errenteria artean galdu zuen bizia beste langile batek, aldamio batetik erorita. Aurreko egunean, asteazkenean, garraiolari bat hil zen Cadreitan (Nafarroa), gidatzen ari zen ibilgailuak eta beste kamioi batek aurrez aurre jo ostean. Eta bi egun lehenago, astelehenean, Arriben (Nafarra) izan zen lan-istripu hilgarri bat: zortzi metroko altueratik jausi zen behargin bat.

Aurreko urtean, 2023an, gutxienez 59 lan-heriotza izan ziren Euskal Herrian, iturri sindikalen arabera.

Bikoiztu egin dituzte Ertzaintzako eta udaltzaingoetako plazak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
212tik 410era igo dituzte polizia-indar horietako lanpostu berriak; batez ere, Bilboko eta Donostiako udaltzaingoetako agente kopurua igo dute.