AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Hasi dira Palestinaren askatasunaren aldeko kanpaldiak Euskal Herrian

Donostiako, Gasteizko, Iruñeko eta Leioako unibertsitatean antolatu ditu kanpaldiak IAk. "Estatu sionistarekin harremanak eten" ditzatela exijitu diete "genozidioaren konplize diren alderdi politiko profesionalei eta instituzioei".

Ikasle Abertzaleak antolakundeak joan den asteburuan egin zuen mobilizazio deialdia: "Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta mundu osoan zehar Palestinaren alde mobilizatzen ari diren ikasleei elkartasuna adierazteko", kanpatzera deitu zuen Euskal Herrian ere.

Hain zuzen ere, gaurko antolatu zituen kanpaldiak IAk, lau campusetan: Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) hiru campusetan, Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Leioan (Bizkaia); eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Iruñean (Nafarroa).

Gaur arratsaldean hasi dira, hala, Palestinaren askatasunaren aldeko lau kanpalekuak. Muntatze-lanetaz eta asanblada irekiez gain, hainbat ekimen izan dira aipatutako lau unibertsitateetan: hitzaldiak, emanaldiak eta abar. Kanpaldietako egitarauetan parte hartu dute gaurkoan, esaterako, Palestinaren aldeko unibertsitate-sareak eta Gabirel Ezkurdiak, zenbait hitzaldiren bidez.


'Palestina askatu! Israel borrokatu, desnormalizatu, suntsitu!' lelopean aterako dira kalera maiatzaren 18an, Iruñean
Mobilizatzera deitu du berriz Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta, "urrats bat gehiago" egiteko asmoz, "Israelgo Estatuarekiko konfrontazioaren eta desnormalizazioaren" beharra azpimarratu du. Genozidioaren amaiera, errefuxiatuak itzultzeko askatasuna, Palestina osoaren deskolonizazioa eta preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko deitu dute manifestaziora.