AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Haurdun zegoen emakume afroamerikar bat tiroz erail du poliziak Ohion

Denda batean lapurtzea leporatuta atxiki zuten gaztea, bere autoan zegoela. Ibilgailua mugitzen hastean, emakumearen kontra tiro egin zuen polizia-agenteetako batek, kamera batek jasotako irudiek erakutsi duten modura.

Poliziak beste pertsona afroamerikar bat erail du odol hotzean Amerikako Estatu Batuetan. Aurreko ostiralean, polizia-agente batek zeraman gorputz-kamerak jasotako irudiak atera ziren argitara: horietan, argi eta garbi ikusten da nola hil duten emakume bat Columbuseko (Ohio) polizia-indarrek, janari-denda baten aurrean. 21 urte zituen hildako gazteak, eta haurdun zegoen; Ta'Kiya Young zuen izena.

Dendatik irten ostean, bere autoan sartu zen Young, eta une horretan hasten da argitaratu duten bideoa, parkingean. Zerbait lapurtzea egotzita, kotxetik ateratzeko agindu zioten gazteari polizia-agenteek. Beregana hurbildu ziren, eta presioa egin zioten: dendan lapurreta egin zuela eta ibilgailutik irteteko errepikatu zioten, behin eta berriz, Youngek zergatia galdetzen zuen bitartean. Gidariaren atearen ondoan kokatu zen agenteetako bat, eta autoaren parean bestea.

Bideoan entzun daitekeenez, Youngek behin eta berriz esan zuen berak ez zuela ezer lapurtu, eta uko egin zion kotxetik ateratzeari. Une horretan, ibilgailuaren parean zegoen poliziak pistolarekin seinalatu zuen, eta irteteko agindu zion berriz. Emakumearen autoa mugitzen hasi zen orduan, eta bere kontra tiro egin zuen agenteak. Horren ondoren, kotxea poliki-poliki ibili zen parkingean zehar, dendaren kontra talka egin arte. Young kopilotuaren aulkian etzanda ikusten da bideoan, hilik.

Youngen senideek salatu dute gertatutakoa "botere eta autoritate gehiegikeria larri bat" izan dela. Mapping Police Violence-k egindako ikerketa baten arabera, 2013 eta 2022 artean Amerikako Estatu Batuek eraildako pertsonen heren bat afroamerikarrak ziren, biztanleria osoaren %13 baino ez diren arren. 2022an, polizia-indarrek 1.201 lagun hil zituzten Amerikako Estatu Batuetan; %26 ziren afroamerikarrak.

'Leioako 5ak aske' aldarria, hedatzen
Irailaren 27an epaituko dituzte 'Leioako 5ak', 2016an Leioako campusean egindako mobilizazio baten harira. 40 urteko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte haientzat. Datozen asteetan mobilizazioak izango direla iragarri dute.