AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Hegoafrikako Gobernuak 4.000 meatzari hiltzera kondenatu nahi ditu

Legez kanpoko meatzaritzari aurre egitea aitzakiatzat hartuta, ur eta elikagai hornidura galarazi eta setio poliziala ezarri die Stilfonteinen harrapaturik dauden milaka langileri. Ipar-ekialdeko meatze batzuetatik 1.000 behargin inguru kanporatu ditu jadanik gobernuak, horietako asko ahul, gaixorik eta goserik.

Hegoafrikako Stilfontein urre-meatze abandonatuan, lur azpian harrapaturik daude 4.000 meatzari, azaroaren 14tik. Hegoafrikako Gobernuak esan du legez kanpoko langileak direla, eta, hori aitzakiatzat hartuta, setio polizial bat agindu du euren aurka: operazio polizial bat jarri du martxan, eta meatzetik irteten badira, beharginak atxilotuko dituzte polizia-indarrek. Harrapatutako meatzarientzako ur eta elikagai hornidura blokeatu ditu Poliziak, eta gutxienez langile bat hil da jadanik.

Khumbudzo Ntshavheni gobernuko kideak nabarmendu du ez dietela "laguntzarik" emango "kriminalei", eta meatzetik ateraraziko dituztela legez kanpoko langileak. Vala Umgodi izenpean egiten ari dira operazio poliziala Stilfonteinen, baina ez da bakarra izan. Azken asteetan 1.000 bat meatzari kanporatu dituzte indarrez probintzia bereko meatzeetatik, asko goserik, ahul eta gaixorik. Asteak eman dituzte lanean oinarrizko hornidurarik gabe.

Legez kanpoko meatzaritza ohikoa da Hegoafrikako hainbat eremutan. Langileak, zama-zama bezala ezagunak, baimen legalik gabe aritzen dira beharrean, lan-baldintza negargarrietan. Euren bizia arriskuan jartzen dute egunero, ohikoa baita luiziak jasatea eta gas arriskutsuen eraginpean jardutea. Aspaldi itxitako putzuetan egiten dute lan, urre bila.

Dozenaka boluntario bertaratu ziren, baina gobernuak setioari eutsi dio

Iragan larunbatean dozenaka boluntario bertaratu ziren Stilfonteingo meatzera, beharginak erreskatatzeko lanetan parte hartzeko asmoz. Kritikatu dutenez, gobernuak ezer gutxi egin du langileak ateratzeko, eta, gainera, meatzera sartzea debekatu zien boluntarioei.

Igandean, meatzeko blokeoa bertan behera uzteko agindua eman zuen epaitegi batek: "Stilfonteingo meatzeko putzua desblokeatu beharko da, eta ezingo da itxi", baieztatu zuen Brenda Neukircher epaileak, Pretoriako Gauteng Epaitegi Gorenean.

Epaiaren arabera, baimendu egin behar da "meatzean harrapatuta dagoen meatzari oro ateratzea". Poliziaren bozeramaile Athlenda Mathek, berriz, aldarrikatu zuen "Sudafrikako Polizia-Zerbitzuak ez duela eragozten eginbehar konstituzionala bete dadin".

Bozeramaileak, hala, baieztatu zuen operazioak mantenduko dituztela "Stilfonteingo meatze abandonatuetan", eta "ateratzen diren [meatzari] guztiak" ikusiko dituztela osasun-langileek. "Osasuntsu daudenak" auzipetu eta atxilotu egingo dituzte, eta mediku-arreta behar dutenak polizien zaintzapean ospitaleratuko dituzte.

Kaleratuak izateko arriskuan daude Gasteizko Mercedesi lotutako 3.600 langile
Eskaera txikitu dela argudiatuta, martxotik aurrera ekoizpen-katea berregituratu nahi du zuzendaritzak, jarduna bederatzi orduko bi lanaldira murriztuta. 600 beharginen lanpostuak egongo lirateke kolokan. Gainera, azpikontratatutako enpresetako 3.000 langilek egiten dute lan hornidura-sarean, eta arriskuan daude haiek ere. Gasteizko Amvisako beharginek, bestalde, greba hasi zuten atzo, eta salatu dute euren greba eskubidea urratzen ari dela udala.