AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Hezkuntzako garbitzaileek salatu dute Eusko Jaurlaritzak "zuzenean ezabatu" diela grebarako eskubidea, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita

Koronabirusak sortutako egoera aipatuta, Eusko Jaurlaritzak %100eko "gutxieneko zerbitzuak" inposatu dizkie grebalariei. "Eusko Jaurlaritzak langileei etxetik lan egiteko aholkua ematen dien bitartean, guri, grebalarioi, garbitzera joatera behartzen gaituzte", salatu dute. UIBk ikasle baten aurkako mehatxuak salatu ditu aste honetan eta elkarretaratzea egin du gaur ere, Ibaetan.

Martxoaren 2an hezkuntzako garbitzaileek hasitako bost asteko greba "ondorio praktikorik gabe" utzi nahi du Eusko Jaurlaritzak. Hala salatu dute EHUn eta ikastetxe publikoetan jarduten duten langileek. Atzo erabaki zuen Lan Sailak Bizkaian eta Gipuzkoan %100era igotzea gutxieneko zerbitzuak -Araban, itxita daude zentroak-, koronabirusa argudio modura erabilita. "Praktikan, Jaurlaritzaren agindu horrek langileak greba egiteko eskubiderik gabe uztea dakar". 2014. urtetik daude hitzarmenik gabe garbiketako langileak, azpikontratatuta.

"Osasun publikoa" irizpide gisara jarri arren, langileek salatu dute agerikoa dela haienganako diskriminazioa: "Eusko Jaurlaritzak langileei etxetik lan egiteko aholkua ematen dien bitartean, guri, grebalarioi, garbitzera joatera behartzen gaituzte". Borrokan daramaten egunetan argi ikusi da, beharginen esanetan, beren lanaren garrantzia. "Garbiketako langileek greba egiten dutenean, irakaskuntza-jarduera ezin da normaltasunez egin".

Grebarako eskubidea askotan urratu dieten arren, atzoko erabakia "oso larria" dela deritzote beharginek. "Eusko Jaurlaritzak benetan uste bazuen zentro hauetan osasun publikoa arriskuan zegoela, zentroak ixteko agindua eman beharko luke. Aldiz, erantzukizunaren zama betiko pertsona berberen gainean jartzea erabakitzen du: garbiketako emakumeen gain". Haserre daudela ohartarazi dute langileek, eta gaur lanera itzuli beharko diren arren, borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute: "Osasun krisi hau amaituko da, baina gure borroka ez. Inoiz baino indartsuago itzuliko gara borrokara, eta ziurtzat eduki, irabaziko dugula".

Elkartasunagatik, eskertuta

"Mehatxuak, protestaren kriminalizazioa eta ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak" salatu arren, beren borroka eta aldarriak "erdigunean" jartzea lortu dutela nabarmendu dute garbitzaileek; besteak beste, hezkuntzako gainerako kideen babesari esker. Bereziki eskertu dute ikasleen eta irakasleen elkartasuna. Mobilizazioekin jarraitzen dute; gaur, Unibertsitateko Indar Batasunak elkarretaratzea egin du, adibidez, Ibaetako (Gipuzkoa) campusean.

Gogoan izatekoa da, greban zehar elkartasun ekintzetan parte hartzeagatik EHUk espedientea zabaltzearekin mehatxatu duela ikasle bat, UIBk eta EHUko garbitzaileek Gasteizko (Araba) campuseko Farmazia Fakultatean salatu zutenez.

Bi emakume hil ditu gizonezko batek Abanto-Zierbenan
Bikotekidea eta haren alaba lepoa moztuta hil ditu gizonezko batek Abanto-Zierbenako etxebizitza batean. Eskuz lotuta eta ahoan trapu bat sartuta topatu dute emakumeetako baten gorpua. Hiltzaileak auto bidez egin du ihes, eta ordu gutxira atzeman dute Portugaleten, konorterik gabe. Antza, hainbat pilula irentsi eta bere buruaz beste egiten ahalegindu da. 2019. urtean lau emakume erail zituzten Euskal Herrian: hiru Lapurdin eta bat Nafarroan.