AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Hiru emakumeri eraso diete Iruñean, Santurtzin eta Ugaon

Ugaon, dantzaleku batetik irtetean, emakume bat erailtzen saiatu da gizonezko bat. Santurtzin sexu-eraso bat jasan du emakume batek, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalean, berriz, gizonezko batek ukituak egin dizkio osasun-langile bati.

Azken egunetan, Iruñeko (Nafarroa) sanferminetako eta Baionako (Lapurdi) festetako eraso matxistez gain, beste hainbat erasoren berri eman dute Euskal Herrian. Gutxienez hiru emakumeri eraso diete Ugaon (Bizkaia), Santurtzin (Bizkaia) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean.

Igande arratsaldean, Ugaon, emakume bat hiltzen saiatu zen gizonezko bat. Dantzaleku baten kanpoaldean eraso zion andreari 35 urteko gizonak, aparkalekuan: geldirik zegoen auto batera hurbildu zen, eta barruan eserita zegoen emakumeari eraso zion labana batekin. Hala, zauriak egin zizkion bizkarrean eta bularraldean. Igandean bertan atxilotu zuten erasotzailea, eta espetxean daukate oraingoz.

Santurtzin, bestalde, igande goizaldean jasan zuen sexu-eraso bat emakume batek. Karmengo jaiak hasi dira joan den asteburuan, eta orduan egin diote eraso emakumeari. Gertatutakoa ikertzen ari omen dira.

Iruñean, berriz, sanferminetako hamaika sexu-erasoen aurretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eraso bat izan zela jakinarazi dute. Uztailaren 4an gertatu zen: ospitaleratuta zegoen gizonezko batek ukituak egin zizkion lanean ari zen emakume bati. Momentuz, urruntze-agindu bat ezarri diote erasotzaileari.

Bi urteko kartzela-zigorra jarri diote Iturmendiko pertsona bati, sare sozialetako zenbait mezu direla-eta
2.700 euroko isuna ere ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Otsailean atxilotu eta inkomunikatu zuten, Twitterreko zenbait argitalpeni lotuta. Manifestazio bat izango da larunbat honetan Iturmendin, errepresioaren kontra eta adierazpen askatasunaren defentsan.