AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Hiru neska adingabe sexualki esplotatu dituzte Nafarroan

14 eta 16 urte zituzten emakumeek esplotatuak izan zirenean, eta Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean zeuden. Hiru gizon auzipetu dituzte neskak "prostituziora bultzatzeagatik", eta beste hiru, berriz, haiekin eta diru truke sexu-harremanak izateagatik. Drogak ematen zizkieten proxenetek.

Iruñeko (Nafarroa) Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegiko titularrak amaitutzat eman du proxenetismo kasu baten ikerketa. Izan ere, iazko udazkenean hasita, adingabeak diren hiru neska sexualki esplotatu dituzte Nafarroan; haietako bik 14 urte zituzten esplotazioa hasi zenean, eta 16 urte besteak. Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean zeuden hirurak.

Aurreko urteko irail amaieran, haien harrera-etxe eta zentroetatik ihes egin zuten hiru neskek, eta gerora sexualki esplotatuko zituzten hiru gizonetako baten etxera joan ziren bizitzera; nesketako batek eta berak elkar ezagutzen zuten. Garai hartan ezagutu zituzten beste bi proxenetak: "modu errazean diru asko irabaztea" eskaini zieten hiru adingabeei, hasiera batean, "eduki erotikoko bideodeiak" nahiz argazkiak eginez. Hiru gizonetako batek, gainera, berekin sexu-harremanak izatera behartu zuen nesketako bat; haiek bizi ziren etxe horretako jabea izan zen, hain zuzen. Etxe horretan bizitzen jarraitu nahi bazuen, berekin sexu-harremanak izan beharko zituela esan zion.

Irail bukaeran, hala, ia hogei iragarki argitaratu zituzten web-orri batean, eta horien bidez eskaintzen zituzten "sexu-zerbitzuak" hiru neskek, diru truke. Besteak beste, "eduki erotikoko bideodeiak", "masaje erotikoak" eta "sexu osoa" eskaintzen zituzten.

Epaitegian egindako ikerketak jasotzen duenez, nesken egoeraz erabat jakitun ziren hiru proxenetak: bazekiten ez zutela haien harrera-etxe eta zentroetara itzuli nahi, eta horretaz baliatu ziren. Ikerketaren arabera, gainera, drogak ematen zizkieten hiru adingabeei, haien "erabakitzeko askatasuna mugatuz".

Epaitegiaren arabera, gutxienez hiru gizonek izan zituzten sexu-harremanak hiru neskekin, diru truke. Hortaz, guztira sei gizon auzipetu dituzte: hiru sexu-esplotazioagatik eta adingabeak "prostituziora bultzatzeagatik", eta beste hiru, adingabeak zirela jakin arren, neska horiekin eta diru truke sexu-harremanak izateagatik.

Frantziako Estatuan elikagaien inflazioa %12raino igotzea espero da urte amaierarako
Euroguneko inflazio-tasarik baxuenetarikoa da Frantziako Estatukoa, oraingoz. Datozen hilabeteetan prezioek gora egitea espero da, Frantziako Estatistika Institutuaren arabera. Nekazal ekoizpena %35 garestitu da azken bi urteetan.