AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Hirugarren gradutik atera eta espetxera itzularazi dute Joseba Arregi preso politikoa ere

Azken hilabeteetan bost preso politikori ezarri diete gradu erregresioa, eta berriz espetxeratu dituzte. 76 urte ditu Joseba Arregi oñatiarrak.

Fiskaltzak aurkeztutako helegite bat onartu du berriz Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, eta, beraz, baliogabetu egin du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Joseba Arregi preso politikoari ezarritako hirugarren gradua. Hori dela-eta, espetxera itzularaziko dute 76 urteko oñatiarra, aurretik Aitor Esnaola, Mikel San Argimiro, Xabier Atristain, Gorka Martinez eta Iñaki Bilbao preso politikoekin egin bezala.

Aurrera doa, beraz, Fiskaltzaren eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren arteko elkarlana preso politikoei aplikatutako hirugarren graduak atzera botatzeko eta horiek berriz kartzelaratzeko. Gainera, beste preso politiko batzuei emandako hirugarren graduen kontra ere jarri ditu helegiteak Fiskaltzak; hortaz, baliteke gehiago izatea berriz espetxeratuko dituztenak.

Arregiri dagokionez, 1992an atxilotu zuten, eta 30 urtez izan dute preso jada; aurretik, gainera, hamar urtez egon zen gatibu Frantziako Estatuan. Hain zuzen, 2020an bete zituen Espainiako Estatuan jarritako zigorraren hiru laurdenak. Jaurlaritzak aurtengo otsailean erabaki zuen oñatiarra hirugarren graduan sartzea, beste zazpi preso politikorekin batera. Fiskaltzak, dena den, Arregiri ezarritako hirugarren graduaren kontrako helegite bat aurkeztu zuen; gainontzekoei ez zien helegiterik jarri.

Gasteizko Alde Zaharreko 28 etxe husteko mehatxua egin du udalak
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, okupatuta dauden 28 etxebizitza udal jabetzakoak bihurtzea erabaki du Ensanche 21 Zabalguneko administrazio-kontseiluak, desalojoak bizkortzeko. "Okupazioaren kontrako plan" berria salatu du Etxebizitza Sindikatuak.