AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ia bost urteko zigorra jarri diete lau laguni, Zaragozan Voxeko faxistei aurre egiteagatik

Vox alderdiaren mitin baten kontra, protesta egin zuten lau auzipetuek 2019an: desordena publikoak, erasoa eta lesioak leporatu dizkie Auzitegi Gorenak. Zaragozako Auzitegiak eta Aragoiko Justizia Auzitegi Gorenak zazpi urteko espetxe-zigor bat ezarri zieten hasieran.

Zaragozan, Voxeko faxistei aurre egin zieten lau pertsonaren kontrako zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Azkenean, lau urte eta bederatzi hilabeteko zigorra jarri diete lau laguni, hiru delitu egotzita: desordena publikoak eragitea, eraso egitea eta polizia bati lesioak eragitea.

Vox alderdi faxistak 2019ko urtarrilerako antolatutako mitin bati lotutakoak dira gertakariak. Egun horretan, Zaragozako Auditorioan jarri zuen hitzordua Voxek, eta ekitaldi faxistaren kontra protesta egiteko deialdi bat zabaldu zuten hirian. Ohi bezala, Polizia bertaratu zen faxistak biltzekoak ziren toki ingurura, polizia-lerro baten eta armen bidez, horiek babesteko: modu horretan ito nahi izan zuten faxisten kontrako mobilizazioa.

Horren harira eta ostean gertatutakoa seinalatu eta kriminalizatu dute auzitegiek; izan ere, faxisten kontrako protestarekin jarraitu zuten bildutako manifestariek. Bidea moztu zutela edota Poliziari aurre egin ziotela aipatzen da sententzian, baita Poliziaren kontrako oihuak entzun zirela ere. Istiluak izan ziren manifestarien eta polizien artean, eta faxisten kontra protesta egiten ari zirenen kontra oldartu zen Polizia.

Horri lotuta auzipetu zituzten lau pertsona, eta, hasieran, sei urteko kartzela-zigorra ezarri zien Zaragozako Auzitegiak: hiru urtekoa desordena publikoengatik eta beste hiru urtekoa erasoagatik. Aragoiko Justizia Auzitegi Gorenak, gerora, beste urtebeteko zigorra gehitu zion horri, polizia-agente baten kontrako lesio larriagoengatik: beraz, zigorra zazpi urtekoa zen denera.

Hori guztia bildu eta ondokoa erabaki du orain Espainiako Auzitegi Gorenak: desordena publikoei eta erasoari lotutako kondena batu eta, guztira, hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigorra jarri die bi delitu horiengatik. Baina, horretaz gain, polizia baten kasuan larriagotutako lesioengatik, urtebeteko zigor gehigarria mantendu egin du (Aragoiko Justizia Auzitegi Gorenak jasotakoa). Beraz, guztira, lau urte eta bederatzi hilabeteko zigorra izango da bakoitzarentzat.

Zumaiako Etxape Zentro Sozialistaren lehen urteurrena ospatu dute
Urtebete igaro da Urola Kostako Kontseilu Sozialistak Eroskiren jabetzako eraikin bat birjabetu eta Zentro Sozialista bilakatu zuenetik. Gaur egun, hamaika proiektu ahalbidetzen ditu espazioak, eta eskualdeko Mugimendu Sozialistaren egoitza politikoa da.