AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

IAk 'Burgesiaren hezkuntza-kudeaketari, ikasle langileok planto!' kanpaina aurkeztu du, alarma egoerak heziguneetan sortutako koiunturari erantzuteko

Ikasle antolakundearen arabera, aginte politikoek hartutako neurri berriek "gizartearen gehiengoaren pobretzean" oinarritutako testuingurua zabaltzen dute. Horretaz gain, hezkuntzan "kutsatzeen gaineko kontrol eza" eta "kudeaketa eraginkorraren falta" jasaten ari direla salatu dute. Hala, ikasleria langileari gonbita luzatu diote datorren asteartean hainbat hezigunetan egingo dituzten elkarretaratzeetara batzeko, "ezinbesteko garrantzia hartuko baitu antolakuntza komunistaren egitasmoak eta egikaritzeak askatasun erreala borrokatzeko", azpimarratu dutenez.

Ikasle Abertzaleakek mobilizazioak iragarri ditu azaroaren 3rako, asteartea. Burgesiaren hezkuntza-kudeaketari, ikasle langileok planto! izenpean hasi dute dinamika berria, salatuz aginte politikoek azken egunotan hartutako erabakiak "ez direla hartu osasun irizpide zorrotzen baitan": "Neurrien helburua ez da hertsiki gure osasuna bermatzea". Horren ordez, "norbanakoen eskubideen eta askatasun politikoen aurkako neurriak" izan direlakoan dago IA, "ez dira inondik inora pandemiarekin eta birusarekin amaitzeko neurri eraginkorrenak".


Koiunturaren gaineko kritika-lerro bi zabaldu dituzte IAko kideek. Lehenik, neurri horiek irekitzen duten "testuinguru berria" seinalatu dute, haien esanetan, "gizartearen gehiengoaren pobretzean" oinarritzen dena. Bigarrenik, "heziguneetan gertatzen ari diren kutsatzeen gaineko kontrol eza" salatu dute, instituzioek errealitate hori ezkutatzeko darabiltzaten ahaleginak ahalegin. Irailaren 15eko greba deialdian esandakoa gogora ekarriz, "osasun bermeak egon ezean ezin dela hezkuntza presentzialarekin jarraitu" azpimarratu dute.


Gauzak horrela, dei egin diote langile klaseko ikasleriari datorren asteartean Euskal Herriko hainbat hezigunetan egingo dituzten kontzentrazioetara batzera. Askatasunen aldeko borrokan, antolakuntza komunistak "ezinbesteko garrantzia" hartuko duela nabarmendu du IAk.


HEZKUNTZAREN IZAERA KAPITALISTA


IAk behin eta berriz azaldu duenez, "hezkuntza instituzioak garrantzia handia dauka kapitalismoan". Pandemian zehar ikastetxeak irekita mantentzeko hautuan "erabakigarria" izan da horrek betetzen duten "kontziliazioaren funtzio soziala". Izan ere, mundu mailako osasun krisiaren aurrean, heziguneak "berme sanitario urriekin" zabalik mantentzen direla gogorarazi dute IAko militanteek. Horren funtsezko arrazoia agerian utzi dute: "Etekin ekonomikoa helburu bakar duen sisteman sostengaezina da heziguneak ixtea, gurasoek ezin baitituzte beraien seme-alabak zaintza gabe utzi lanera doazenean".


ESKUBIDEEN EZEZTAPEN SISTEMATIKOA


Horretaz gain, "berezkoak eta absolutuak diren eskubideen ezeztapen sistematikoa" ere salatu du IAk. Irizpide zientifiko eta sanitarioen ordez, "langileriarenganako dominazioa eta kontrola" ezarri direla nabarmendu du, hala. Debekatu dena "lan politiko eta militantea" izan dela diote, mobilizazio eskubidea eta biltzeko eskubidea adibide. Hain zuzen, ikasturte honen hasieran IAk abiatutako dinamikaren hiru exijentzietako bat "lan politikoa egiteko eskubidea bermatzea" zen.


Hori gutxi balitz, IAko kideek "larritzat" jo dute heziguneetan COVID-19aren hedapen eta kutsatze maila ezkutatzea, batik bat "egia eta informazio osoa" egon behar liratekeen unean. Dena den, IAren ustetan, "ez dira datu zehatzak behar gertatzen ari denaren berri izateko", hezkuntza sistemaren partaideak heziguneetako egoera errealaren jakitun baitira. Bertan "etengabeko kutsatze eta konfinamenduak" nagusitzen ari direla salatu dute.


DEIALDIAK

Hona hemen Ikasle Abertzaleakek datorren astearterako, azaroak 3, antolatu dituen elkarretaratzeak, Burgesiaren hezkuntza-kudeaketari ikasleok planto! aldarripean.

  • Hernani: 10:55ean Hernani BHI institutuko sarreran
  • Azpeitia: 12:00etan herriko plazan
  • Tolosa: 12:55ean Laskorain Ikastola kanpoan

Bizkaia:

  • Abadiño: 11:10ean institutuan
  • Durango: 11:40an institutuan
  • Lekeitio: 11:15ean Atean

Araba:

  • Gasteiz: 11:00etan Unamuno institutuan

Nafarroa:

  • Lizarra: 12:15ean
  • Iruñea: 11:00etan Alaitz BHI ikastetxe aurrean eta 14:00etan Iturraman

Campusak:

  • Leioa: 13:00etan Mikel Laboa plazan
  • Bilbo: 14:00etan San Mamesen
  • Gasteiz: 12:45ean Elurretan
  • Ibaeta: 13:30ean Aulariopean
Salaketa kanpaina eta mobilizazioak abiatu ditu GKSk, "burgesiaren zuzeneko diktaduraren aurka"
Azken egunetan ezarri diren neurri murriztaile berrien harira, GKSk azaldu du "oraingo arauak pobrezia, arbitrariotasuna eta kontrol soziala" direla, eta alderdi politiko instituzional guztiek hartu dutela ontzat agertoki hori. "Bi irizpide orokor lehenetsi" behar direla azaldu du: pertsonen osasuna eta jendartearen oinarrizko eskubide zein beharrizanak. "Oligarkiak ez ditu ez bata ez bestea beteko", salatu du. Bi bando nabarmen azaleratu direla seinalatu du bestalde, eta gatazka horretan, "antolakuntza komunistaren aldeko" hautua egin dute GKSko kideek, "eskubide zibil eta politikoen defentsan". Mobilizazioei ekingo diete bihar, larunbata.