AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

'Iatzar hadi!' dinamika jarri du martxan Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak

'Iatzar hadi!' izenpean, salaketa nahiz hausnarketa dinamika abiatu du Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak. GKSren 'Burgesiaren ofentsiba gelditu!' salaketa kanpainarekin bat egiten du modu horretan, baita "Covid-19aren krisiak langileriarengan eragindako ondorio politiko, ekonomiko, sozial eta sanitarioak neutralizatzera eta gainditzera begirako bidea hasi" ere. Momentuz blog bat sortu dute asanbladako kideek, eta testigantzak biltzeko kanpaina prestatzeari ekin diote. Bestalde, salbuespen egoeraren harira, askatasun politikoak, osasuna edota langileriaren antolakuntza izan dituzte hizpide.

Atzo, apirilak 9, Iatzar hadi! dinamika jarri zuten abian Irurtzun–Arakilgo Gazte Asanbladako kideek, Covid-19 birusak eragindako testuinguruaren harira. Gazte Koordinadora Sozialistak Burgesiaren ofentsiba gelditu! izenpean martxan jarritako salaketa kanpainarekin bat egiteaz gain, "Covid-19aren krisiak langileriarengan eragindako ondorio politiko, ekonomiko, sozial eta sanitarioak neutralizatzera eta gainditzera begirako baliabideak garatzea" da Irurtzun-Arakilgo (Nafarroa) gazteen asmoa.

"Bizi ditugun eta etortzear dauden traba guztiak gainditzeko lan egingo dugu, gure bizi-baldintzak bermatzeko (janaria, etxebizitza, osasuna...) eta Covid-19aren hedapenaren testuinguruan jasaten ari garen egoerei (desinformazioa, askatasun politikoen urraketa, lan gatazkak...) konponbidea emateko helburuarekin", adierazi dute IAGAko kideek. Haien esanetan, helburua "ahalik eta eremu handiena" barne-biltzea den arren, oraingoz Irurtzunen, Arakilen eta Gulibarren (Gulinako bailara) jardungo dute.

ASKATASUN POLITIKOAK

Argitaratutako adierazpenean, alarma-egoerak PSOEren eta Podemosen gobernuak banku eta enpresaburu handien gidaritzapean ezarri duen salbuespen-egoera ezkutatzen duela salatu du asanbladak, "desinformazio orokortuaz baliatuta": "Goi-burgesiak diktadura politiko bat ezarri du goizetik gauera bere interesak blindatzeko".

Modu horretan, "oinarrizko askatasun politikoak baliogabetu" eta poliziek eta militarrek "kaleak hartu" dituztela diote, estatuarekiko eta bere neurriekiko erabateko mendekotasuna bermatze aldera.

OSASUNA

Hasieratik "diagnostiko proba goiztiar eta orokortuak" egin ez izanak eta "beharrezko prebentzio neurriak" ezarri ez izanak (ekoizpenaren itxiera edota maskarillen erabilera), gaixotasuna inolako kontrolik gabe kutsatzen jarraitzea eragin duela salatu dute IAGAko kideek. "Horrek etengabeko ziurgabetasun batera eta seguraski etorkizunean beste agerraldi batzuk jasatera kondenatu gaitu", gaineratu dute: "Transmisioa mantendu izanak isolamendu politika batzuk etengabe luzatzera edo denbora gutxi barru berriz ere errepikatzera behartuko du gobernua".

ANTOLATZEKO BEHARRA DATORREN KRISIAREN AURREAN

Covid-19ak sortu duen krisialdi ekonomikoa dela-eta, burgesia "bere irabaziak ziurtatzeko" martxan jarri dela azaldu du IAGAk: "Modu honetan, pandemiak eragindako geldialdi ekonomikoa bere gain ez erortzeko neurriak ezarri ditu, salbuespen egoeratik hasi eta Sanchezek onartutako talka planaren bidez estatua leporaino zorpetzeraino". Hori guztia langileriaren bizi baldintzen kontura joango dela azpimarratu dute asanbladako kideek: "Hasiak gara jada horren guztiaren ondorioak jasaten, eta ikusteke dago zein dimentsio hartuko dituen bere irabaziak bermatze aldera burgesiak abiatu duen ofentsibak".

Bestalde, argitu dute "ez dela inola ere guztiok batera lan egiteko momentua": "Inoiz baino garrantzitsuagoa da bizi dugun egoeraren erantzule zuzenak markatzea eta bizi dugun ofentsiba honen aurrean defentsa antolatzen hastea".

Hortaz, "langileriaren antolakuntza" urgentziazko zeregin bilakatu dela diote; "politika optika proletariotik egiteko momentua da [...] banku eta enpresaburu handiei aurre egiteari begira eta, orokorrean, sistema kapitalistari kontrajarriko zaion botere propioa artikulatzeari begira, proletalgoa antolatzen hasteko momentua, hain zuzen".

'IATZARHADI.EUS' BLOGA MARTXAN

Bide horretan, iatzarhadi.eus bloga jarri du abian Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak, bertan hainbat bitarteko eta tresna desberdinak garatzeko. Zenbait atal osatuko dituzte, dinamikaren informazio orokorra zein lotura duten hainbat berri jasotzeko. Bestalde, hainbat irakurgai ere sareratuko dituzte blogean.

ELKARTASUNERAKO DEIA

"Arazo desberdinak konpontzeko elkartasun horren beharra" duten pertsonei zein "bide horretan lagundu nahi" duen orori egin die IAGAk harremanetan jartzeko deia. Horretarako, iatzarhadi@gmail.com helbidea sortu dute, nahiz eta aurrerantzean haiekin kontaktua egiteko beste bide batzuk ere irekiko dituzten, baita testigantzak biltzeko kanpaina bat ere.

Lanera itzultzera behartuko dituzte Sidenor, Michelin, Mercedes eta Volkswageneko langileak
Espainiako Gobernuak igande gauean indargabetuko du "funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa" eteteko dekretua. Hala, Hego Euskal Herriko fabrika handi askok adierazi dute ekoizpenari ekingo diotela berriz, tartean, Sidenorrek. Gasteizko Mercedes eta Michelin nahiz Nafarroako Volkswagen lantegietan, aldiz, hilabetearen amaiera aldean irekiko dituzte ateak.