AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ikasle bat atxilotu dute Gasteizko campusean, propaganda politikoa egiten ari zela

Martxoaren 30eko grebara deitzeko propaganda egiten ari zenean jo dute ikaslearen kontra polizia-indarrek. Kalez jantzitako agente baten eta udaltzainen artean jazarri eta atxilotu dute; aske geratu da jada. IAk antolatuta, protesta bat egin dute iluntzean Gasteizen.

Polizia-indarrek inpunitate osoz jarraitzen dute Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) lan politikoa jazartzen. Gaurkoan, martxoaren 30eko grebari lotutako propaganda politikoa egiten ari ziren hainbat ikasleren aurka egin dute Gasteizko (Araba) campusean, eta gazteetako bat atxilo eraman dute.

Zehazki, grebara deitzeko propaganda-ekintza bat egiten ari zirela, hainbat ikasle jarraitu ditu kalez jantzitako polizia-agente batek. Udaltzaingoari hots egin dio hark, eta udaltzainak campusera bertaratu direnean, lan politikoan ari ziren gazteen kontrako jazarpenak jarraitu du. Fakultateetako batean babes hartzea lortu du gerora atxilotua izan den ikasleak, baina indarrez irtenarazi dute udaltzainek. Fakultate inguruan atxikirik izan ostean, Gasteizko Udaltzaingoaren Gamarrako polizia-etxera eraman dute.

Atxiloketa zela-eta, EHUko autoritateekin harremanetan jarri dira hainbat ikasle, baina "jarrera erabat pasiboa" erakutsi du unibertsitateak, gazteek azaldu dutenez. "Informazio-bideak moztu dizkigute eta atxiloketa euren muturren parean izan den arren, ez dute esku hartu", salatu dute.

Atxiloturiko ikasleak orduak egin ditu polizia-etxean, eta iluntzean geratu da aske. 20:00etan hasita eta Ikasle Abertzaleakek deituta, protesta bat egin dute Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan.

EHU, campus poliziala

Joan den otsailaren 16an, manifestazio jendetsu bat izan zen Gasteizko campusean. EHUk zigor-espedienteak ireki dizkie 34 ikasleri, iazko martxoko ikasle greba batean piketeetan parte hartzeagatik. Otsaileko mobilizazioan, hain justu, espediente horiek atzera bota ditzala exijitu zioten ehunka lagunek EHUri.

Horretaz gain, eta unibertsitatean ere lan politikoa egiteko baldintzen defentsan, polizia-indarrek campusetara sarbiderik ez izatea aldarrikatu zuten manifestariek, bai eta, orokorrean, unibertsitatean hainbeste areagotzen ari diren kontrol- eta jazarpen-mekanismoak seinalatu ere. Argia izan zen errektoretzaren erantzuna: egun horretan ere, Gasteizko campusa erabat hartu zuen Ertzaintzak.

Pasaiako sarraskiaren 39. urteurrena dela-eta, hainbat ekimen egingo dituzte Urola Erdiko eta Iruñerriko Kontseilu Sozialistek
Gaur beteko dira 39 urte Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau militante erail zituenetik. Gertaturikoari buruzko hitzaldi bat egingo dute arratsaldean Iruñean, eta larunbat honetan, berriz, ekitaldi politikoak izango dira Iruñean nahiz Azpeitian.