AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ikasleek egindako presioaren ondorioz, irakasle faxista behin-behinean baztertu behar izan du EHUk

Genero-indarkeriaren aurkako protokoloa besterik ez du aplikatu unibertsitateak, nahiz eta irakasleak ideia matxistak, arrazistak nahiz klasistak zabaldu. Faxista kanpora zezatela exijitzeko mobilizatu dira ikasleak azken egunetan, eta gazteen borroka kriminalizatu ostean, irakaslearen klaseak eten behar izan ditu EHUk.

Azkenean, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) ez du beste erremediorik izan: genero-indarkeriaren aurkako protokoloa aplikatuta, prozedura bat ireki behar izan dio Leioako (Bizkaia) campuseko irakasle faxistari, eta ezingo du eskolarik eman prozedurak irauten duen bitartean.

Dena den, kautelazko neurri bat baino ez da momentuz, eta irakasle horrek zabaldutako ideia faxista guztiei ez die erreferentziarik egin unibertsitate publikoak. Ez die inolako aipamenik egin hark kontratatutako funtzionarioak hedatu dituen ideia arrazista, klasista eta homofoboei, Espainiako Falangearen aldeko argitalpenei, eta abar.

Ikasleen antolakuntzaren emaitza

Leioako ikasleek aurreko astean ekin zieten protestei, EHUk lan-zuzenbideko irakasle faxista kanpora zezala exijitzeko. Hasieratik, baina, jarrera argi bat erakutsi zuen unibertsitateko zuzendaritzak: ikasleen borroka kriminalizatu eta kritikatu zuen eskura zituen baliabideen bidez, eta funtzionario faxista babestu zuen.

Gazteek, baina, faxismoaren kontra antolatzen eta mobilizatzen segitu dute, eta lortu dute EHUk bere jarrera aldatu behar izatea. Modu anbiguoan, Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak aurreko asteburuan adierazi zuen, irakasleak "delitu izan daitezkeen iruzkinak" egin baditu, "horren aurkako neurriak" hartu beharko zituztela.

Joan den astelehenean ehunka pertsona bildu ziren Leioako Zuzenbide Fakultatean, beste behin ere, EHUk faxista bota zezala exijitzeko. Egun horretan, behin-behineko neurri baten berri ematera behartuta ikusi zuen bere burua unibertsitateak: astebetez, behintzat, eskolak ematea debekatu zion aipatutako irakasleari.


Desokupazio-enpresa bat izan da Portugaleten
Atzo arratsaldean eman zuten desokupen presentziaren berri, baina alde eginda zeuden ordurako.