AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Imaginate Framak zor zizkien 9.000 euroak ordaindu dizkie Legutioko langileei, hilabetetako borrokaren ostean

Hilabete hasieran abiatu zuten Legution 'Imaginate, zor duzuna ordaindu' borrokaldia, enpresari exijitzeko hainbat behargini zor zien dirua ordaintzea. Langileen hilabetetako presioaren eta gazte antolatuek deitutako mobilizazioen ostean, Imaginate Framak 9.000 euroak ordaindu dizkie begiraleei.

Legutioko (Araba) kultur etxeko Gaztegunea eta ludoteka kudeatzen ditu Imaginate Frama enpresak, eta 9.000 euro zor zizkien hainbat langileri. Aste honetan jakinarazi dute begiraleek, hilabetetako borrokari esker, zor zien guztia ordaindu diela dagoeneko enpresak: "Hilabete hasieran bost egun iraun zituen borrokaldiak, urte eta erdiz luzatzen ari zen prozesua katalizatzea lortu du".

Langileek 2018. urteko irailean adierazi zizkioten enpresari euren desadostasunak eta exijentziak: "Lanorduak ez ziren Arabako hitzarmenak ezarritakoaren arabera ordaindu, lanordu guztiak ez ziren Gizarte Segurantzan jaso, kontratu guztiak ez ziren helarazi eta sinatu, eta jaiegun eta gaueko plusak ez ziren ordaindu".

2019. urteko azaroan jaso zuten beharginek enpresaren erantzuna: zor zieten dirua ordainduko zietela esan zuen. Hurrengo hilabeteetan, ordea, ez zuten diru kopuru horren berri izan, eta ordutik, enpresaren "xantaiak, mehatxuak zein mespretxu jarrerak" jasan behar izan zituzten.

Imaginate Framak erakutsitako jarrera zela-eta, Legutioko gazte sektore antolatuak borrokaldi berria jarri zuen martxan urtarrila hasieran, Imaginate, zor duzuna ordaindu lemapean. Egindako presioaren ondorioz, mobilizazioak geldiarazteko eskatu zuen enpresak, eta beharginei zehazki zor zien zenbatekoa kalkulatzeari ekin zion.

Hurrengo egunetan ordainduko ziela adierazi zuen berriro, baina egoerak bere horretan jarraitzen zuenez, borrokaldiarekin jarraitzea erabaki zuten gazteek. Urtarrileko aurreneko egunetan Imaginate Framak antolatzen duen Gabonetako PINean elkarretaratzea egin zuten, besteak beste. Azkenean, hilabete amaieran izan dute garaipenaren berri.

"Greba proletalgoaren gidaritzapean kokatzeko apustua" berretsi du GKSk, atzoko greba orokorraren inguruko adierazpenean
Atzoko grebari dagokionean, "proletalgoak greba egiteko eta borrokatzeko baldintzak" izan zitzan "aletxo bat jartzen ahalegindu" dela azaldu du Gazte Koordinadora Sozialistak. "Klase independentzia aldarrikatzen zuten blokeen" balorazio "oso positiboa" egin du: "Gero eta espazio zabalago batek bere egiten du langileon independentzia politikoaren bidez ekiteko beharra". Sakondu beharreko elementuen artean, "antolakuntza ofizialak prozesua langileriaren parte hartzerik gabe gauzatu" izana azpimarratu du, baita "borroka ereduaren inguruko eztabaida" ere: "Grebarako erraztasuna duten sektoreek, langile batasunaren bidez, sektore proletarizatuen greba eskubidea bermatzeko ardura izan beharko lukete". GKSk berretsi egin ditu "greba langile klase osoaren tresna bezala erabiltzeko apustua" eta "greba proletalgoaren gidaritzapean kokatzeko apustua", "langile ororen baldintza ekonomiko eta politikoak eskuratzeko tresna eraginkor modura ulertuta".