AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Iñaki Bilbao preso politikoa ospitaleratua, gose eta egarri grebaren zazpigarren egunean

'Txikito' preso politikoak azaroaren 2an ekin zion gose eta egarri grebari, eta horren aurretik, 50etik gora egun egin zituen gose eta komunikazio greban. Gaur ospitaleratu dute, arnasteko arazoak direla eta. Hainbat preso politikok baraualdiak hasiak dituzte Bilbaori elkartasuna adierazteko, eta kalean, aurrera doaz mobilizazioak ere.

Iñaki Bilbao preso politikoak gose eta egarri greba abiatu zuen aurreko astelehenean, azaroak 2. Astebete beteko du gaur, eta aurrera jarraitzen du borrokaldiarekin. Aurretik, 50 egunetik gora egin zituen gose eta komunikazio greban. Baraualdi berriari ekitean, Bilbaok adierazi zuen, "berarekiko elkartasuna" baino, "Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko eman behar diren urratsak" direla garrantzitsuenak.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, gaur, azaroak 9, ospitaleratu egin dute Txikito, arnasteko dituen arazo larriak direla eta. Dani Pastor preso politikoak baieztatu du erietxera eraman dutela, epailearen aginduz. Aurreko larunbateko bisitan "argal eta ahul" ikusi zutela adierazi du AAEAMek.

Elkartasuna kartzeletan eta kalean

Espetxeetan barauak hasiak dituzte hainbat preso politikok, Bilbaorekin elkartasunez. Esaterako, Itziar Morenok eta Alaitz Aramendik janariari uko egingo diote bihar, asteartea, eta gose greba egingo dute etzi, asteazkena. Jexux Mari Etxeberriak baraualdia egin zuen aurreko asteazkenean, azaroak 4, eta aurrerantzean, asteazkenero helduko dio dinamikari. Lola Lopez, aldiz, "txapeoan" dago aurreko asteazkenetik.

Bestalde, kaleetan ere aurrera doaz Txikitori elkartasuna adierazteko mobilizazioak. Egunero izaten dira elkarretaratzeak Donostian (Gipuzkoa), Mutrikun (Gipuzkoa), Etxarrin (Nafarroa), Altsasun (Nafarroa) nahiz Berriozarren (Nafarroa); astelehenero, asteazkenero eta ostiralero Bilbon (Bizkaia); asteartero eta ostegunero Basaurin (Bizkaia); ostegunero Deustun (Bizkaia) eta Trapagaranen (Bizkaia); eta ostiralero Elgoibarren (Gipuzkoa). Gaurko, dena den, Gasteizen (Araba), Oreretan (Gipuzkoa) eta Bermeon (Bizkaia) ere deitu dute mobilizatzera.

Hona hemen gaurko deialdiak, AAEAMek argitaratu duenez:

  • Altsasu: elkarretaratzea, 20:00etan.
  • Bermeo: elkarretaratzea, 19:30ean Batzokiaren aurrean.
  • Berriozar: elkarretaratzea, 20:00etan Ezkabako Ihesaren errotondan.
  • Bilbo: elkarretaratzea, 19:30ean Etxebarrieta Anaien plazan.
  • Donostia: elkarretaratzea, 19:00etan Bulebarrean.
  • Etxarri: elkarretaratzea, 19:15ean herriko plazan.
  • Gasteiz: manifestazioa, 19:00etan Andra Mari Zuriaren plazatik.
  • Mutriku: elkarretaratzea, 19:00etan errotondan.
  • Orereta: elkarretaratzea, 19:00etan herriko plazan.
Ehunka pertsona atera dira kalera beste aste batez, "burgesiaren diktaduraren aurka"
Atzo ere ehunka lagunek atera zuten kalera "burgesiaren zuzeneko diktaduraren" aurkako aldarrikapena, "askatasun politiko eta zibilen" defentsan. Asteburu honetan hamahiru herritan deitu zuen mobilizatzera Gazte Koordinadora Sozialistak, eta aurreko astean baino are jende gehiago batu da deialdietara. "Antolakuntza komunistaren beharra" aldarri, "askatasun kolektiboen" aldeko borroka berretsi du GKSk.