AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Indarkeria matxista ukatzen duten albisteen eragina lau bider handitzen da sare sozialen bidez

LLYCk egindako ikerketa batek erakusten du idatzitako berrien bostenak eraso matxistak normalizatzen dituela, eta sei berritik batek erasotutako pertsonaren inguruko informazio gehiago ematen duela erasotzailearen ingurukoa baino.

2024ko urtarrilean, Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS, gaztelerazko sigletan) genero-berdintasunaren inguruko inkesta bat kaleratu zuen, honako emaitzekin: Espainiako Estatuko gizonezkoen %44,1 oso edo nahiko ados daude "emakumeen berdintasunerako neurriak urrunegi iritsi dira eta orain gizonezkoak dira diskriminatuak" baieztapenarekin. 16 eta 24 urte arteko gizonezko gazteen artean, gainera, %51,8ra heltzen da ehuneko hori.

Gazte-belaunaldietan hedatzen ari den indarkeria matxistaren ukapenak eta sare sozialek harreman estua dute. Hala baieztatzen dute LLYC aholkularitza-taldearen Desenfocadas ikerketako emaitzek. Lan horrek X sare soziala zein bestelako egunkari digitalak aztertu ditu hamabi herrialdetan, 2022ko abendutik 2023ko abendura bitartean. Osotara, indarkeria matxistarekin lotutako 226,2 milioi artikulu, 5,4 milioi berri eta 14 milioi txio aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute 50 albistetatik batek indarkeria matxista normalizatzen duela.

Berrien %20k erasoak justifikatzen dituzte "erasotzailearen adikzioren bat" edo erasotuaren "probokazioa" bezalako aitzakiekin

Ikerketaren ondorioen artean dago, batez beste, berrien %20k erasoak justifikatzen dituztela "erasotzailearen adikzioren bat" edo erasotuaren "probokazioa" bezalako aitzakiekin. Espainiako Estatuaren kasuan, berrien %10ek egiten dute justifikazio saiakeraren bat, eta Amerikako Estatu Batuen kasuan, berriz, %27k.

Bestalde, ikerketak erakutsi du arazo larrienetakoa dela biktimaren datu pertsonalak argitaratzea, sei kasutik batean gertatzen baita, eta fokua aldentzen baitu. Zehatzago esateko, %75 aipamen gehiago daude biktimen inguruan, erasotzaileen inguruan baino.

%75 aipamen gehiago daude biktimen inguruan, erasotzaileen inguruan baino

Ikerketaren beste ondorioetako bat ondokoa da: hedabideetan kaleratzen den iritzi negazionista bakoitzeko, gisa horretako lau iritzi zabaltzen dira X bezalako sare sozialetan. Aldiz, genero-indarkeriaren inguruan kontzientziatzeko asmoz sortutako berri bakoitzeko, 0,4 "txio" idazten dira sareetan. Hots, sareetako dinamikek indarkeriaren normalizazioa zabaltzen eta kontzientziazioa oztopatzen laguntzen dute.

Nahiz eta sareetan biolentzia matxistaren inguruko diskurtsoak eta eztabaidak zabaldu diren azken urteotan, eztabaida maiz bideratu izan da erasoen justifikaziora edo sentsazionalismo hutsa sortzera. Aipatutako ikerketaren arabera, hedabideek argitaratutako 30 berritik batek indarkeria matxistarekin zerikusia du, baina sare sozialetan gai horrekin lotura duten berrien kopurua hamabost aldiz txikiagoa da. Horrez gain, sareetan berri horien presentzia txikiagoa bada ere, ohiko hedabideek baino bi aldiz aukera handiagoa dute sentsazionalismo hutsean erortzeko.

Hedabideek argitaratutako 30 berritik batek indarkeria matxistarekin zerikusia du, baina sare sozialetan gai horrekin lotura duten berrien kopurua hamabost aldiz txikiagoa da
Ravaleko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide bat epaitu dute, etxegabetze bati aurre egiteagatik
Bi urteko espetxe-zigor batekin eta 1.200 euroko isun batekin zigortu nahi dute, Polizia legez kontra gauzatzen ari zen kaleratze bati kontra egiteagatik. Mosso batek burutik heldu eta hormaren aurka jipoitu zuen, baina sindikatuko militantea salatu zuen gero Poliziak, ostikada bat ematea leporatuta.