AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Irani erasotzen badiote "ondorio konponezinak" izango direla ohartarazi die Khameneik AEBei

Irango Agintari Gorenak gaitzetsi egin du "inposatutako gerra edo bakea", eta errepresaliak hitzeman ditu. Bitartean, gora doa gerra-arriskua eskualdean, Israelgo Estatuak Irango instalazio militarrei eta nuklearrei egindako erasoak tarteko.

Ali Khameneik, Irango Errepublika Islamikoko Agintari Gorenak, telebistan ohartarazi du: Iranek "ez du inposatutako gerrarik edo bakerik onartuko", eta Amerikako Estatu Batuek Irani egindako eraso militar orok "ondorio larriak eta konponezinak" izango ditu. Khameneik erantzun hori eman die Washingtonen azken mehatxuei eta Donald Trumpek Teheranen "baldintzarik gabeko errendizioa" eskatu izanari, AEBetako presidenteak "Iranen gaineko aire-espazioaren erabateko kontrola" duela eta Irango buruzagiaren "kokapen zehatza" ezagutzen duela adierazi ostean.

Bien bitartean, Israelgo Estatuak erasoak areagotu ditu Iranen, eta 40 helburu militar bonbardatu ditu egun bakar batean, misilak eta zentrifugagailu nuklearrak ekoizteko instalazioak barne, Teheranen eta beste hiri batzuetan. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren (IAEA) arabera, Irango programa nuklearrerako funtsezko azpiegituretara iritsi dira erasoak, eta iturri sionisten arabera, 50 hegazkinek baino gehiagok parte hartu zuten azken bonbardaketetan.

Irango agintarien arabera, Israelgo Estatuak azken egunetan egindako erasoek 240 hildako baino gehiago eragin dituzte jada, eta gutxienez 24 pertsona hil dira sionistek okupatutako Palestinan, Irandik jaurtitako misilen eta droneen ondorioz.

Eskualdean gorakada belikoa areagotzeko arriskua handia da, eta Iranek esan du gatazka zabaltzeko aukera egon badagoela, baldin eta hirugarren herrialde batzuek eta Turkiak zuzenean esku hartzen badute. Kasu horretan, Iranen erantzuna "naturala, legezkoa eta legitimoa" izango litzatekeela defendatu du. Qatarrek, dena den, Masoud Pezeshkian Irango presidentearen gutun bat jaso du, krisia geldiarazteko saiakeren barruan.

Bien bitartean, Gazan, Israelgo Estatu terroristaren erasoaldiak gutxienez 89 palestinar erail ditu azken egunean. Gutxienez 70 pertsona hil dituzte sionistek Khan Younisen, elikagaien laguntza bilatzen ari zirela.

Anduezak dio ez duela arriskuan ikusten EH Bilduk eta EAJk PSOEri ematen dioten babesa
Alderdia "indartzearen" alde agertu da PSE-EEko idazkari orokorra, defendatu baitu alternatiba "izan daitekeen okerrena" dela.