AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Irunberriko Erika Herrigunea itxi du Udal Gobernuak

Irunberriko Udalak hainbat langileri agindu die Irunberriko Erika Herriguneko atea ixteko, bertako kideei aurretik jakinarazpenik helarazi gabe. Abenduaren 24an birjabetu zuten eraikina herriko hainbat gaztek, eta ordutik, udalak egindako hamaika eraso salatu dituzte. Herenegun kendu zuten ateko giltzarrapoa, eta hortik bi egunera hormatu dute sarbidea.

Gaur, hilak 22, Irunberriko (Nafarroa) Erika Herriguneko sarrera hormatu dute hainbat langilek, Irunberriko Udalak aginduta. Udal Gobernuko ordezkariak ere bertaratu dira, eta Erikako kideek azaldu dutenez, aurretiaz "inolako abisurik edo azalpenik eman gabe" itxi dute gunea.

Azken asteetan, udalak egindako zenbait eraso salatu dituzte Herriguneko kideek. Azkenekoa astelehenekoa izan zen; udalak ateko giltzarrapoa kendu zuen. Dena den, negoziazioak hasteko borondatea agertu zuten Erikakoek, baita horiek "berehalakoak eta eraginkorrak" izan zitezen eskatu ere. Udalak kontrako erantzuna igorri du, ordea, "edozein negoziaziori uko egiteko jarrera" azalduz.

Abenduaren 24an birjabetu zuten eraikina Irunberriko hainbat gaztek, eta handik bi egunera bertaratu zen Foruzaingoa. Eraikinaren kanpoaldean zeuden bi lagun identifikatu zituzten poliziek. Hurrengo egunean, hiru udal ordezkari ere agertu ziren, errekerimendu bat eskuan zutela. Erikako kideek "elkarrizketarako prestutasuna" erakutsi arren, birjabetzea gauzatzean "negoziazio guztiak hautsi" zituztela erantzun zieten udal ordezkariek. Ondoren, gobernu taldearekin biltzeko eskari-orri bat aurkeztu zuten gazteek, baina udalak entzungor egin zien berriro. Guneko argia moztu zuten handik gutxira, eta herenegun, esan bezala, ateko giltzarrapoa kendu zuten. Handik bi egunera hormatu dute sarbidea.

Sorrera

2018. urteko udan mahaigaineratu zuten Irunberriko gazteek "lokal parte hartzaile eta autogestionatu baten beharra". Eskaera formal bat aurkeztu zuten udaletxean, txosten bidez. Proiektuaren proposamenari erantzuteko "borondate falta" antzeman zuten, baina. Ondorioz, proiektua euren kabuz aurrera eramateko hautua egin zuten, eta dagoeneko erabilerarik ez zuen eraikin bat birjabetu zuten, garai batean gaztetxea zena. Eraikinaren jarduera gazte esparrutik harago zabaltzeko asmoa erakutsi zuten, "herri osoarentzako gune bat" sortzekoa, alegia. Hala, Erika Herrigunea izena hartu zuen espazioak.

Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Antton Lopez eta Haimar Altuna atxilotu ditu gaur Guardia Zibilak
Atxilotuak libre utzi dituzte arratsaldean, Guardia Zibilaren kuarteletan eduki ondoren. Gaur goizean atxilotu dituzte Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Antton Lopez Ruiz 'Kubati' eta Haimar Altuna; Gernikan, Agurainen, Zarautzen eta Lizartzan. Preso politikoei egindako ongietorriak "antolatzea eta koordinatzea" leporatu diete atxilotuei; hain zuzen, "terrorismoari gorazarre egitea, umiliazioa eta terrorismoaren biktimak gutxiestea" dira egotzi zaizkien delituak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia epaileak sinatu du 'Kabat' izenpean egindako operazioa.