AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Iruñerrian 2021ean atxilotu zituzten hamar gazteetatik zortziren kontrako inputazioa, bertan behera

"Talde kriminal bateko kide izatea" leporatu zieten Errotxapeako eta Burlatako hamar gazteri duela bi urte. Froga falta dela-eta baliogabetu dituzte haietako zortziren aurkako inputazioak, baina aurrera doa gainontzeko bien kontrako kausa.

2021. urteko apirilaren 27an, Espainiako Poliziak hamar gazte atxilotu zituen Iruñerrian (Nafarroa); bederatzi Errotxapean eta bat Burlatan. Iruñerrian 2020an eta 2021ean izandako hainbat liskar eta ekintzarekin lotuta atxilotu zituzten; esate baterako, 2020ko azaroan "burgesiaren zuzeneko diktaduraren" eta neurri autoritarioen kontra Iruñean izan zen mobilizazioaren osteko istiluak.

"Gazte Koordinadora Sozialistaren inguruko kale borroka talde bateko kidetzat" jo zituzten gazteak hainbat eta hainbat komunikabidetan, eta "talde kriminal bateko kide izatea" ere egotzi zien poliziak. Horren harira, sabotaje-ekintzak egitea, kalteak eragitea, mehatxuak egitea, desordena publikoak eragitea, autoritateari eraso egitea edota lesioak eragitea leporatu zieten.

Atxilotuek bi gau egin behar izan zituzten udaltzainen ziegetan. Euren etxeak miatu zituzten, hainbat orduz ez zieten utzi euren gertukoekin hitz egiten edo konfiantzazko abokatuekin egoten, eta oinarrizko baldintzak ukatu zizkieten atxiloaldian. Errotxapean protesta jendetsuak izan ziren garai hartan, gazteei babesa emateko eta "erasoen aurrean klase elkartasuna aldarrikatzeko".

Zortzi inputazio, baliogabetuta

Ia bi urte igaro direnean, hamar gazte auzipetuetatik zortziren egoeraren berri eman dute: artxibatu egin dituzte haien aurkako inputazioak. Dirudienez, epaileak esan du ez dagoela nahikoa froga egotzi dizkieten istiluetan parte hartu zutela erakusteko, eta ez dago liskarren egiletza leporatzeko oinarririk.

2020ko azaroko gertakariei dagokienez, adibidez, gazteen kontrako froga nagusiak kalitate oso txarreko irudi batzuk ziren, antza. Beraz, bertan behera geratu dira zortzien kontrako ikerketak.

Bi gazteren kontrako kausa, aurrera

Hala ere, auzipetuta eta ikerketapean jarraitzen dute gainontzeko bi lagunek. 2020ko azaroaren 7an Errotxapean izan ziren istilu batzuk direla-eta, "desordena publikoak eta kalteak eragitea" egozten diete, baita "hertsapena" ere. Ustez, lekuko baten testigantza eta gazteen telefono mugikorretatik ateratako ustezko informazioa dira euren aurkako frogak.

Haur pornografia izateagatik eta banatzeagatik, lau pertsona atxilotu dituzte Bizkaian
Iazko abendutik hona, milaka artxibo pornografiko aurkitu dituzte atxilotuen etxeetan; haietako batek 10.000 bideo eta argazki baino gehiago zituen. Adingabeak eta pertsona ezinduak ageri dira irudietan.