AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Iruñerriko Autodefentsa Sareak elkarrizketa mahaia zabaltzeko proposamena luzatu dio Berriozarko ikastetxeko zuzendaritzari

Iruñerriko Autodefentsa Sareak, Berriozar DBHIn borrokak aurrera eraman ahal izateko hainbat "oztopo" salatu zituen publikoki. Ikastetxeak ikasleen askatasun politikoak "ez bermatzea" ikusten dute egoeraren arrazoi nagusi gisara. Gaiaren inguruan "modu egokian aritzeko", ikasleriaren ordezkaritza batekin biltzea eskaini diote zuzendaritzari, Gabonetako oporrak hasi aurretik.

Iruñerriko Autodefentsa Sareak joan den astean negoziaketa abiatzera dei egin zion Berriozarko (Nafarroa) institutuko zuzendaritzari. Ikastetxe horretan, ikasleei borrokak aurrera eramatea "ezinezkoa" zaiela jakinarazi zuen autodefentsa sareak, sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez. Biltzeko, antolakuntza propioa izateko edota elkarretaratzeak egiteko eskubideak ukatzen dizkietela jakinarazi dute ikasleek, eta hala, euren askatasun politikoak gauzatzeko aurkitzen duten "berme falta" nabarmendu zuten. Propaganda egin ahal izateko baliabideak ere debekatuak dituzte, eta horrek, "adierazpen askatasuna" ukatzen duela azpimarratu zuten.

Hortaz, auziari buruzko eztabaida "modu egokian" burutu dadin, IASeko bi militantek osatutako ordezkaritzarekin biltzeko eskatu zioten zuzendaritzari. Berriozar DBHI heziguneko ikaslea izango litzateke haietako bat. Zuzendaritzak eskaerari erantzungo ez balio, baina, "elkarrizketa mahaiaren ukazio" modura ulertuko lukete IASeko kideek, azaldu zutenez. Ikasle mugimenduko kideren batekin harremanetan jartzeko eta erantzuna emateko epemuga, hastear diren Gabonetako oporretan ezarri zuten ikasleek.

Ereindako borrokak

Iazko ikasturtean, Eunate ikastetxean, bideo-zaintza kameren eta kontrol sozialaren auzia izan zuen jomugan IASek. Eunateko gatazka institutu mailan soilik lantzearen "mugekin" topo egin zutelako erabaki zuten Iruñerria osoko ikasleek IAS sortzea. Behin indar horiek metatuta, Baterajotze Nazionala egin zuten Txantrean. Mobilizazio hark Euskal Herria osoko 600 pertsonatik gora bildu zituen, Kontrola zuen bidea, autodefentsa gurea lemapean. Hala, hilabeteetako lanaren ostean, Nafarroako Hezkuntza Sailak Eunaten kamerak kentzea erabaki zuen.

Itzulera indartsua

Joan den hilean iragarri zuten bezala, ikasturte berriarekin batera, "helburu handiekin" eta "inoiz baino indartsuago" datoz IASeko kideak. "Aurreko ikasturtetik ateratako irakaspenak praktikara eramateko unea" dela ebatzi dute. Dagoeneko, Nafarroako hiriburuko zortzi ikastetxetan egin dituzte aurkezpenak abenduan zehar.

Apustu etxeen aurkako mobilizazioa egingo dute Berriozarren urtarrilaren 18an
Apustu etxe berri bat irekitzear dira Berriozarren. Oraingoan ere, antolakuntza forman etorri da erantzuna: lokal berriaren irekierak sortutako "kezka" oinarri, biltzeari ekin zioten hainbat kidek, eta Berriozarko Apustu Etxeen Kontrako Plataforma sortu zuten. Mobilizaziora dei egin dute urtarrilaren 18rako, 17:00etan Emaileen Plazan. "Bi eginbehar ditugu, auziaren gainean kontzientziatzea, eta negozio horien aurka borrokatzea", diote plataformako kideek.