AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Irungo adineko bikote baten etxe kaleratzea agindu dute

Solvia da etxegabetzea agindu duen agentzia; urtarrilaren 24rako ezarri dute kaleratzea, eta horren aurkako mobilizazioak iragarri dituzte datorren astearterako.

Atzo Argia-k jakinarazi zuenez, kaleratze arriskuan dago Irungo (Gipuzkoa) bikote bat; 75 urte ditu batak, eta 78 besteak. Hipotekan semearen etxebizitza jarri zuten abal gisa, baina hark ezin dituenez hipoteka-maileguak ordaindu, etxegabetzea agindu du Solvia higiezinen agentziak.

Sabadell banketxearentzat egiten du lan Solviak, eta Sabadellek exekuzio bidez eskuratzen dituen etxebizitzak kudeatzeaz arduratzen da, hipoteka ordaindu ezin duen jendearen etxebizitzak izanik kasu gehienetan.

Luzapenik gabeko alokairu soziala sinatu zuen Irungo bikoteak duela hiru urte, eta datorren urtarrilaren 24an bukatuko da epea. Stop Kaleratzeak Gipuzkoak ohartarazi duenez, kale gorrian geldituko diren adin nagusikoen egoera babesgabeaz jakitun ziren Sabadell eta Solvia, Irungo Gizarte Zerbitzuen txosten sakon bat helarazi baitzitzaien.

Datorren asteartean, urtarrilak 12, martxan den etxegabetzea salatzeko elkarretaratzea izango da Donostian (Gipuzkoa), goizeko 11:00etan, Sabadell bankuak Askatasunaren Hiribidean duen egoitzaren aurrean. Stop Kaleratzeak Gipuzkoak, Alokairu Benta Berrik eta Inquilinos Azorak antolatu dute mobilizazioa.

Donostian izan diren sexu-abusuak salatzeko elkarretaratzera deitu du Itaiak
Joan den astelehenean, gizonezko batek eraso egin zien bi emakumeri Donostiako (Gipuzkoa) erdigunean. Erasoak salatzeko elkarretaratzea antolatu du Itaiak biharko; hain zuzen, Artzain Onaren atzealdean egingo dute protesta, 13:00etan.