AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Irungo Recondo lantegian kaleratzeak eta lekualdatzeak egin nahi ditu Brioche Pasquieur enpresako zuzendaritzak

2016. urtean, Irungo Recondo lantokia ixteko erabakia hartu zuen Brioche Pasquieurreko zuzendaritzak. Oraingoan, bide horretan pauso bat gehiago emateko asmoa adierazi du enpresak; 57 urtetik gorako beharginak kaleratuko dituzte eta 57 urtetik beherakoak, berriz, beste egoitza batera tokialdatuko dituzte, urtean 5.000 euro gutxiagoko soldatarekin.

Brioche Pasquieur enpresaren jabetzakoa den Irungo (Gipuzkoa) Recondo lantegiko beharginek salatu dutenez, 57 urtetik gorako langileak "etxera bidali" nahi ditu zuzendaritzak. "Diru poltsa txiki batekin, jubilaziorako bermerik gabe eta pentsioan %28ko galerarekin" kanporatuko dituztela azaldu dute, gainera. 57 urtetik beherako langileak, aldiz, Katea auzoan multinazionala eraikitzen ari den egoitzara mugituko lituzkete, baina soldataren jaitsiera esanguratsu batekin; urtean 5.000 euro gutxiago kobratuz.

Bidasoako Hitza-k jakinarazi duenez, ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariek atzo Irunen egindako elkarretaratzean enpresako zuzendaritzaren asmoak salatu zituzten. Haien iritziz, kaleratzen ez dituztenek lanpostua mantenduko badute ere, "lan prekarioan" sartuko dira.

Lantegiaren itxierarantz


Erabaki hauek ez dira bat-batean etorri; izan ere, bertako beharginek hainbat urte daramatzate enpresaren itxieraren aurkako borrokan. 2016. urtean hartu zuen Brioche Pasquieur multinazionalak Irungo Recondo lantegia ixteko erabakia. 2019ko ekainaren 7an, bertako langileek fabrikaren itxiera "publikoki salatzea" erabaki zuten, baita zuzendaritzari "ondorioez hitz egiteko eta proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko" bilera eskatzea ere.


Gaurkoan sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, jabeek 2022rako aurreikusi dute lantegiaren itxiera.

Emakume bati sexu-erasoa egin zion Burlatako gizonezko batek hilabetearen hasieran
Etxera iristear zenean, oldartu eta ukituak egin zizkion 20 urteko gizonezkoak. Ez zuten elkar ezagutzen.