AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Israelgo Armadak bi gazte palestinar erail ditu Zisjordanian, sarekada batean

Tiroz hil dituzte 21 eta 17 urteko bi gazte, eta zortzi lagun zauritu dituzte; horretaz gain, hainbat etxe eraitsi dituzte. Israelgo indarrek gutxienez 170 palestinar hil zituzten Zisjordanian 2022an, eta inoizko urterik odoltsuenetako bat izan da Palestinako lur okupatu horietan.

Zisjordaniako Kafr Dan herrixka okupatuan (Jenin) sarekada bat egin du bart Israelgo Armadak, eta odoltsua izan da oraingoan ere: Palestinako Osasun Ministerioaren esanetan, bi gazte palestinar erail dituzte Israelgo indar militarrek, eta gutxienez zortzi zauritu dituzte, haietako bat oso larri. 21 urte omen zituen hildakoetako batek eta 17 besteak; bularrean tiro egin diote militar israeldarrek aurrenekoari, eta sabelaldean eta izterretako batean zauritu dute balaz bigarrena.

Israelgo Armadak esan du irailaren 14ko gertakarien harira sartu dela indarrez Kafr Danen. Egun horretan, Israelgo militar bat hil zuten bi palestinarrek Jenin hiriburuko inguruetan; horren ostean, tiroz hil zituzten biak militar israeldarrek. Bart gaueko sarekadaren bidez, bi palestinar horien etxeak eraistea bilatzen zuela esan du Israelgo Armadak. Hala, bi gazte hil eta zortzi lagun zauritzeaz gain, hainbat etxe eraitsi dituzte Kafr Danen. Zenbait hedabideren arabera, herrixkan liskarrek leher egin dute orduan, eta arma bidez erantzun dute hainbat palestinarrek.

2022ko martxotik, Palestinako hainbat lur okupatutan ia egunero sartu dira bortxaz Israelgo militarrak, esaterako, Zisjordaniako iparraldean. Palestinarrek Israelgo indar militarren kontrako zenbait eraso egin ostean gogortu ziren Israelgo Armadaren erasoak, antza. Ustez Israelgo Armadari eraso egin dieten palestinarren etxeak eraistea ohiko ekintza bat da militar israeldarren partetik.

Nazioarteko hainbat komunikabideren arabera, 2022an gutxienez 170 palestinar erail zituzten Zisjordanian Israelgo indar armatuek; 2006tik erregistratutako hildako kopururik altuena da. Zisjordanian Israelgo kolonoek ezarritako kokaleku ilegalak areagotzen ari direla ere ohartarazi dute. Indar palestinarrek 29 israeldar hil dituzte 2022an, zenbaketen arabera.

EH Bilduk eta Sortuk ia 14 milioi euro jaso zituzten Espainiako Estatutik 2021ean
Jatorri publikoko 62 milioi euro baino gehiago poltsikoratu dituzte 2014 eta 2021 artean, euren urteroko balantzeetan aitortzen dutenez. Hauteskunde koalizioak eta alderdi politikoak dirulaguntza publikoekin edota kargudunen ekarpenekin betetzen dituzte beren kutxak urtero. Horrela lortzen dute euren finantzazioaren %97 eta %86 inguru, hurrenez hurren.