AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Israelgo Estatuak UNRWAren operazioak debekatu eta Gazako jarduera mugatu du

Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren laguntza humanitarioa murriztu nahi izan dute sionistek, eta harekiko koordinazio formal oro blokeatu dute legedia berri baten bidez.

Israelgo Parlamentuak Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) jarduera debekatu du, legedia berri baten bidez. Horren barruan, agentziak funtzionario israeldarrekin duen harreman ofizialari ere jarri diote debekua sionistek. Palestina okupatuko lurralde guztietako operazioei eragiten die horrek, 1948ko lurraldeetatik Gazaraino, non UNRWAk bi milioi pertsona baino gehiagori ematen dien laguntza humanitarioa.

Murrizketak hiru hilabeteko epean sartuko dira indarrean, eta UNRWAren sarbidea blokeatuko dute sionistek lan-baimenetan eta bisetan. Horrek eragin zuzena izango du, noski, Al Quds (Jerusalem) ekialdeko egoitzatik eta funtsezko beste kokapen batzuetatik jarduteko duen gaitasunean.

Parlamentu sionistak onartutako legeetako batek, esan bezala, debekatu egiten du Israelgo Estatuko funtzionarioen eta UNRWAren arteko edozein harreman mota, Gazako eta Zisjordaniako koordinazioa ezinduz. UNRWAk, gaur egun, "gatazkaren kontrako mekanismo bat" du indarrean, Israelgo Defentsa Indarrak (IDF) deiturikoekin istiluak saihesteko.

Legedia berriaren onarpena Israelgo Estatuaren eta NBEren arteko tentsioen erdian gertatu da, Antonio Guterres idazkari nagusia non grata pertsona izendatu baitute sionistek. Munduko hainbat estatuk "kezka" agertu dute Israelgo Estatuaren azken pauso legalak direla-eta, oinarrizko laguntza humanitarioa eta baliabideak mugatzen dituelako; hala nola hezkuntza, osasuna eta elikagaiak, UNRWAk milioika errefuxiatu palestinarri bermatzen dizkienak gaur egun.

Josep Borrell Europar Batasuneko goi-ordezkariak eta Kanadako, Frantziako eta Japoniako gobernuek "nazioarteko zuzenbidearen aurkakotzat" jo dute neurria, Israelgo Estatuak aurrez inolako ondoriorik jaso gabe egin duen guztia bezala. Bitartean, Mahmud Abas Palestinako Agintaritza Nazionaleko presidenteak ohartarazi du sionisten azken neurriak "krisi humanitarioa larriagotzen" duela eta "Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari konponbide justua ematea zailtzen" duela.

Sionistentzako armak igaro dira Algecirasko portutik, Espainiako Gobernuak ustezko blokeo bat saldu arren
Israelgo Estatuarentzako 1.185 bidalketa egin dituzte Algecirastik, bertan egin baitute eskala AEBetako gutxienez 25 itsasontzik. Besteak beste plaka blindatuak, ibilgailu blindatuak, ibilgailuen eta aireontzien piezak eta hegazkinen pneumatikoak bidali dizkiete sionistei. Azaroaren 9an eta 15ean, beste bi itsasontzik egingo dute eskala Cadizen.