AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Jazarpen polizialaren aurka mobilizatu dira Eibarren

Hiru gazte atxilotu zituen Ertzaintzak asteartean, parke batean zeuden gazteen aurka oldartu ostean. Kontzentraziora deitu zuen atzorako Deba bailarako GKSk, gazteen aurkako jazarpen poliziala, kriminalizazioa zein "eskubide eta askatasunen murrizketa sistematikoa" salatzeko.

Aurreko astearte gauean Eibarko (Gipuzkoa) Txaltxa parkera sartu zen Ertzaintza; han zeuden gazteen aurka oldartu zen eta handik kanporatu zituen. Hiru gazte atxilotu zituzten poliziek, haietako bat adingabea. Hainbat komunikabideren arabera, "desordena publikoak" eragitea egozten diete gazteei.

Deba bailarako Gazte Koordinadora Sozialistak elkarretaratzera deitu zuen atzorako, irailaren 9rako. 19:00tan izan zen protesta Untzaga plazan, eta "gazte kriminalizazio zein langileriarekiko ofentsiba" salatzeaz gain, elkartasuna adierazi zieten atxilotuei.

Aipatutako "ofentsibaren erantzuleak seinalatzeko eta erantzuna antolatzeko" beharra azpimarratu zuten GKSko kideek, alderdi politiko instituzionalen ardura seinalatuz. Hala, "gizartearen ongizatea lehenetsi" baino, "etekina lortzen jarraitzeko neurriak" hartu dituztela eta "osasun hondamendiaren erantzukizuna" gazteen gain jarri nahi dutela esan du Deba bailarako GKSk.

Antzeko gertakariak izan dira hainbat herritan azkenaldian: Hernanin (Gipuzkoa), Elorrion (Bizkaia), Iruñean (Nafarroa) edota Plentzian (Bizkaia) izan dira jazarpen kasuak, baita horiek salatzeko protestak ere, GKSk deituta.

Gasteizko Zentro Sozialistaren hustea atzeratzea lortu dute
Irailaren 15erako zegoen ezarrita Gasteizko Zentro Sozialistaren desalojoa, baina oraingoz geratzea lortu dute. Laboral Kutxak Euskal Herrian zehar dituen hamaika sukurtsal seinalatu dituzte azken egunetan.