AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Jon Enparantza preso politikoa urrundu dute, hainbat egunez "bahituta" izan ostean

Ostiralean atera zuten Zaballako espetxetik. Ordutik, Burgosen, Valladoliden, Topasen, Palentzian eta Valdemoron izan dute atxilo. Senideei ez zieten ezer jakinarazi, eta salatu zuten "bahituta" zutela Enparantza. Iraila amaieran espetxeratu zuten, 11/13 sumarioan fiskalarekin egindako akordioaren barruan.

Atzo, hilak 28, senideei telefonoz deitu ahal izan zien azkenean Jon Enparantza preso politikoak, Estremerako (Madril) kartzelatik. Ostiralean atera zuten Zaballako (Araba) espetxetik, eta Espainiako Espetxe Erakundeen eskutik, urrundu egin dute. Hain zuzen, Burgosen, Valladoliden, Topasen, Palentzian eta Valdemoron izan dute atxilo egunotan, eta atzo iritsi zen Estremerara. Gaur gaurkoz jakinarazi duten informazioaren arabera, han izango dute preso aurrerantzean.

Bahiketa

Enparantzaren senideek ostiralean bertan jakin zuten lekualdatu egingo zutela, baina modu ez-ofizialean. Dena den, larunbat arratsaldean oraindik ez zuten bere berri, eta ez zekiten non zegoen. Espetxe Erakundeek ez zieten inolako informaziorik eman, eta Enparantzari ez zioten telefonoz hots egiten utzi. Hala, etxekoek salatu zuten "bahituta" zutela presoa.

11/13 sumarioan espetxeratua

Irailaren 30ean espetxeratu zuten Enparantza, bost hilabeterako, Arantza Zuluetarekin batera. 11/13 sumarioan Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako 47 kideetako bat da. Irailaren 16an izan zen makroepaiketa Madrilen, eta auzipetuek akordioa erdietsi zuten fiskaltzarekin. Horren barruan, bi urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Enparantzari.

Aurretik behin-behinean preso izan zutenez, zigorra amaitzeko kartzelaratu zuten berriz iraila amaieran; bost hilabeterako, alegia. Zaballan hasi zuen espetxealdi berria, baina urrundu egin dute orain.

Arantxa Zulueta izan zen 11/13 sumarioan espetxeratua izan zen bigarren kidea. Hiru urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten, eta Enparantza bezala, Zaballan sartu zuten atxilo. Han jarraitzen du egun.

Arantza Zulueta preso politikoa ere urrundu egingo dute, EFEk iragarri duenez
Zaballako kartzelatik Valentziara urrunduko dute Zulueta, EFE agentziaren arabera. 11/13 sumarioaren harira espetxeratu zituzten irailean bera eta Jon Enparantza, fiskaltzarekin egindako akordioaren barruan. Estremerara lekualdatu berri dute Enparantza, eta dirudienez, aurki mugituko dute Zulueta ere.