AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Joseba Borde preso politikoa ere kartzelara itzularazi dute

Hirugarren gradua kendu eta espetxera bueltatzera behartu dute. 64 urte ditu, eta gaixotasun larri bat dauka. Fiskaltza sistematikoki ari da preso politikoei ezarritako hirugarren graduen kontrako helegiteak aurkezten.

Gradu erregresioa jasan du beste preso politiko batek Euskal Herrian. Oraingoan, Joseba Borde ugaotarra behartu dute espetxera itzultzera, hirugarren gradua kenduta. Ekainaren 1ean kartzelaratu zuten berriz, Basaurin (Bizkaia).

Espetxe Zaintzak aitortuta zuen Bordek zigorraren bi herenak bete dituela jada, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak aurreko hilabetean erabaki zuen hirugarren graduan sartzea. Fiskaltzak, ordea, erabaki horren aurkako helegite bat aurkeztu zuen, eta jarraibide berriari eutsi dio Espainiako Auzitegi Gorenak: bigarren gradura itzularazi du preso politikoa, Espetxe Zaintzako Epaitegiak erabaki bat hartu bitartean.

Bordek 64 urte ditu, eta koloneko gaixotasun larri bat dauka. 20 urte eta erdi daramatza gatibu, eta 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Gradu erregresio sistematikoak

Fiskaltza modu sistematikoan ari da Euskal Herriko preso politikoei ezarritako hirugarren graduei helegiteak jartzen. Eusko Jaurlaritzak, eskumena duenetik, 42 preso politiko sartu ditu hirugarren graduan, baina horietatik 29 kasutan aurkeztu ditu helegiteak fiskaltzak.

Modu horretan, hamahiru preso behartu dituzte bigarren gradua ezarri eta kartzelara bueltatzera: Bordez gain, Juan Karlos Subijana, Ainhoa Barbarin, Asier Karrera, Asier Rodriguez, Aitor Esnaola, Mikel San Argimiro, Xabier Atristain, Iñaki Bilbao, Gorka Martinez, Iñigo Gutierrez, Jon Crespo eta Unai Fano.

Azken egunetan hainbat eraso matxista izan dira Errotxapean eta Zornotzan
Errotxapeako festetan, zenbait sexu-eraso izan dira asteburuan txosnagunean. Zornotzan, gutxienez hiru emakumeri eraso diete azken astean.