AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Kalea hartu zuten atzo Gasteizen, "etxegabetze guztiak gelditzea" aldarri

Atzo izan zen Gasteizen Etxebizitza Sindikatuak deituriko manifestazioa, eta ehunka pertsona elkartu ziren etxegabetze guztiak gelditzea exijitzeko. Ertzaintzak hasieran manifestazioa irtetea oztopatu bazuen ere, "etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" aldarrikatu zuten Gasteizko kaleetan barrena. Polizia-indarrek asteartean hustu zuten Herrandarren kaleko eraikin birjabetua, hamabost pertsona kale gorrian utziz. Zaurituak eta atxilotuak izan ziren etxegabetzea salatzeko protestetan.

Etxebizitza Sindikatuak deituta, manifestazio jendetsua izan zen atzo Gasteizko (Araba) kaleetan. Joan den asteartean Herrandarren kaleko 15. ataria hustu eta hamabost pertsona etxegabetu zituzten polizia-indarrek, eta horren harira egin zuen deialdia Etxebizitza Sindikatuak.

19:00etan irtetekoa zen manifestazioa Andra Mari Zuriaren plazatik eta, hasiera batean, Ertzaintzak ez zien plazatik ateratzen utzi manifestariei, horretarako "baimenik ez" zegoela argudiatuta. Mobilizazioaren jakinarazpena eginda zegoela adierazi zuten sindikatuko kideek eta, udaltzainak ere bertaratu ostean, azkenean aurrera egin zuten mobilizazioarekin.

Ehunka pertsona elkartu ziren protestarako deialdian, eta "etxegabetze guztiak gelditzea" exijitu zuten Arabako hiriburuko kaleetan. "Etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa" ere aldarrikatu zuten. Irudiak ikusgai daude Etxebizitza Sindikatuaren Twitterreko hari honetan.

LARRIALDIA

Etxebizitza Sindikatuak aste honetan salatu du, gaur egun, "izugarria" dela "etxebizitza-larrialdi egoera" Gasteizen eta, hala ere, "etxegabetzeak gauzatzen ari direla oraindik". Agertoki horretan, agintari politikoek "egiten ez dutena esaten dute, eta esaten ez dutena egiten dute", sindikatuko kideen esanetan.

Donostiako Itaiak elkarretaratzea egingo du bihar, aste honetan izan den sexu-erasoa salatzeko
Gizon bat bikotekidea bortxatzen saiatu zen Donostiako hotel batean, astelehenean. Erasoa salatzeko protestara dei egin du Donostiako Itaiak: bihar, astelehena, egingo dute elkarretaratzea, 18:30ean udaletxearen atzeko aldean.