AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Kalean dira jada atxiloturiko Indar Gorriko kide guztiak

61 lagun atxilotu dituzte denera, eta epailearen aurretik igaro dira jada: ez du kautelazko neurririk eskatu. Ligak, dena den, Indar Gorriren kontrako neurriak galdegin ditu.

Sarekada erraldoi bat jasan du Indar Gorri taldeak: Espainiako Poliziak gidatuta, 61 kide atxilotu zituzten atzo, 2023ko urrian Sevillan izan ziren istiluei lotuta. Atzo arratsaldean ekin zioten apurka-apurka epailearen aurretik igarotzeari, baina gaua Iruñeko (Nafarroa) Txintxilla Jeneralaren kaleko komisarian egin behar izan dute 40tik gora lagunek.

Goizean zehar pasatu dira denak Iruñeko epailearen aurretik (Instrukzioko 4. Epaitegia), epaitegiaren kanpoaldean hainbat eta hainbat pertsonaren babesa zutela. Itxura denez, auzitegiek hainbat delitu atera dituzte mahaira euren aurka: talde kriminal bateko kide izatea, gorroto-delitua, lesio larriak eragitea eta liskarretan parte hartzea. Eguerdirako igaro dira denak epailearen aurretik eta, beraz, une honetan, kalean dira sarekadan atxiloturiko kide guztiak. Epaileak ez du kautelazko neurririk eskatu eurentzat.

Badirudi, ordea, Indar Gorriren aurkako neurriak galdegin dituela Futbol Profesionaleko Ligak (LFP, gaztelerazko sigletan). Sevillako Instrukzioko 7. Epaitegiak du esku artean urriko gertakariei buruzko prozedura judiziala (Sevillatik gidatuko dute auzia), eta horretara aurkeztu da Liga. Indar Gorri taldeko kideei futbol-zelaietara sartzea debeka diezaietela nahi du, antza.

Indar Gorriren kontrako sarekada Nafarroan: 61 atxilotu
40tik gora lagunek Txintxillako polizia-etxean igaro behar izan dute gaua, eta goizean zehar igaroko dira epailearen aurretik. Epaileak, momentuz, ez du atxilotuen aurkako kautelazko neurririk eskatu. Atzo atxiloketak salatzeko elkarretaratzeak izan ziren Altsasun, Iruñean, Lizarran nahiz Tafallan, eta gaur 09:30erako komisariara bertaratzera deitu dute.