AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Kaleratuak izateko arriskuan daude Uharteko Plásticos Brelloko hemezortzi langile

Enpresak fabrika ixteko asmoa du, eta enplegu-erregulazioko espediente baten berri eman du. Plantilla osatzen duten hemezortzi langileak daude kaleratuak izateko arriskuan. Elkarretaratze bat egin dute aste honetan, itxieraren aurka protesta egiteko.

Plásticos Brello enpresak bi lantoki ditu Nafarroan, Uharten eta Azkoienen. Uharteko plantilla hemezortzi langilek osatzen dute, eta kaleratuak izateko arriskuan daude. Enpresak "ekoizpena berrantolatzeko asmoa" duela adierazi du eta, argudio horrekin, enplegu-erregulazioko espediente bat ireki du. Izan ere, ekoizpena Azkoiengo Industrias Bardi lantokira lekualdatu nahi du Plásticos Brelloko zuzendaritzak, etorkizunean "bideragarritasuna ziurtatzeko".

Langileek azaldu dutenez, uztailaren 1ean izan zuten enplegu-erregulazioko espedientearen berri, eta ordura arte "ekoizpen-jarduera normala" izan zen. Egun batetik bestera, ordea, ekoizpena gelditu egin zuen zuzendaritzak, eta "baimen ordaindu bat" ezarri zien langileei.

Egoera salatzeko, elkarretaratze bat egin zuten langileek joan den asteartean. Jakinarazi dute Uharteko fabrikak Nafarroako Volkswagen lantegia hornitzen duela, kotxeentzako plastikozko piezak egiten ditu-eta. Gaineratu dutenez, Plásticos Brellon "%100eko ekoizpena" egon da martxan, eta ez dute lantegia ixteko erabakia ulertzen. Alternatiba bat exijitu dute beharginek, bai eta langileen kaleratzea bertan behera uztea ere.

Udazkenean izango da hurrengo Gazte Topagune Sozialista, Altsasun
Urriaren 31tik azaroaren 3ra bitartean egingo dute Topagunea. "Kapitalismoari, gerrari eta austeritateari aurre egingo dion alternatiba sozialista indartzeko" asmoz, "eztabaidarako eta hausnarketarako" elkargune bat izango da, baita komunitate politikoa sendotzeko ere.