AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Kaleratzeak izango dira Gestampen ere

Mundu mailan 43.000 langilek jarduten dute soldatapean Gestamp enpresarentzat. Euskal Herrian 11 lantoki ditu, nahiz eta oraindik ez duten jakinarazi zehazki non izango diren kaleratzeak. Beharginak kanporatuko dituen zerrenda amaigabera batu da Gestamp, besteak beste, Tubacexekin, ITP Aerokin, Aernnovarekin eta Siemens Guascorrekin batera. Bestalde, aurrera doaz Aguraingo Sapem eta Agoizko Siemens Gamesa ixteko prozesuak.

Hazten ari da kaleratzeak iragarri dituzten enpresen zenbatekoa: antza, Gestampek ere "doikuntzak" egin eta kanporatzeak jarriko ditu martxan. Bizkaian sortu zen autogintza multinazionala, eta 112 lantegi ditu mundu mailan, guztira, 43.000 soldatapeko langilerekin. Euskal Herrian, hain zuzen, 11 lantoki dira haren jabetzakoak. Oraindik ez du zehaztu non kaleratuko dituen beharginak, baina aurreikusi duenez, Europa mendebaldean nahiz Amerikan izan daiteke.

"Ibilgailu arinen ekoizpenak" behera egin duela adierazi du Gestampek, %45, eta ondorioz, enpresaren salmentak %30 jaitsi direla dio.

Zerrenda amaigabea

Gestampen iragarpen berri honi gehitu behar zaizkio Tubacexek, ITP Aerok, Aernnovak edota Siemens Guascorrek aurreikusitako kaleratzeak. Tubacexek Laudioko (Araba) eta Amurrioko (Araba) plantetan 150 langile kanporatuko ditu, eta Aernnovak, langileen %20. Berantevillan (Araba) du egoitza nagusia. ITP Aerok 600 behargin kaleratuko ditu, eta lau lantegi ditu Bizkaian. Siemens Guascorrek, ordea, 10 langile bidaliko ditu kalera Zumaian (Gipuzkoa).

Bestalde, aurrera doa Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesa zarratzeko prozesua. Une honetan, itxialdian eta baraualdian daude langileak. Arcelor Mittalek Aguraingo (Araba) fabrika itxiko du, Sapem, eta 14 langile sartuko dira langabezian.

Tubacexeko enpresa batzordeak manifestazio bat deitu du irailaren 17rako
Amurrioko eta Laudioko fabriketan 150 langile kanporatuko ditu Tubacexek. Irailaren 17rako deitutako manifestazioarekin bat egitera dei egin du lantegien arteko enpresa batzordeak, eta adierazi du enpresaren "asmoen adierazpen bat" direla iragarritako kaleratze masiboak. Aurreko asteetan argitaratu diren albisteen harira, beharginek diote "aurreikusgarria" dela egoera "oso txarra" edo "katastrofikoa" izan daitekeela.