AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

"Kapitalaren izaera hiltzailea" agerian uzteko eta "borroka komunitateari hauspoa emateko" hitzordua jarri du Lekittoko Gazte Asanbladak

2019. urtean erail dituzten langileak oroitu, eta horri lotuta, "bizi dugun egoerari buruzko ideia orokor batzuk plazaratu" nahi dituzte Lekittoko Gazte Asanbladako kideek. Bestalde, aurreko urtean ekimen bera egiteagatik lau militantek jasotako isunak ordaintzeko eta "borroka komunitatea indartzen joateko", aisialdirako eskaintza prestatu dute gaztetxean, jan-edana eta kontzertuak medio.

Aurreko urteetan egin izan duten gisara, urte bukaera honetan ere, Lekittoko Gazte Asanbladako kideek Lekeitioko (Bizkaia) kaleetara atera nahi dute "langileok bizi dugun miseria estrukturalaren" salaketa, beste behin, "kapitalaren mende hil diren langileak oroituz". Kapitalaren "berezko izaera hiltzailea" argi utzi nahi dute asanbladakoek, lanpostuetan jazotako hilketak "istripuak ez direla" nabarmenduz. "Ez dira kasualitatea heriotza horiek, bizi dugun miseriaren ondorio baino", diote. Hala, Kapitalismua hiltzailia! izenpean, ekitaldia antolatu dute hilaren 27rako, Lekeitioko Gaztetxean.

Asanbladako kideek adierazi dute "langileok sistema honen baitan etorkizunik ez dugula", "kapitalak, bere erreprodukziorako, gure bizitzen esfera guztiak behar dituelako bere mende eta mesedera". Modu horretan kokatu dituzte areagotzen ari diren "etxe-kaleratze edota depresio egoerak, bortxaketak edo hizkuntzen desagerpenak, gerrak, krisialdia, edota faxismoa". "Kapitalaren metaketarako burgesiak dituen beharretatik eratortzen" direla azpimarratu dute: "Euren poltsikoen arabera antolatzen dituzte gu guztion bizitzak, baina ez digute ziririk sartuko". Aldarri eta gedar horiek guztiek hartuko dute gaztetxea datorren asteko ekitaldian, iluntzean.

Erantzuna

Iaz ere hori izan zuten helburu Lekittoko Gazte Asanbladako kideek, baina salatu dute mahaigaineratutako errealitatearen aurrean "erantzutea ere galarazi" dietela. Izan ere, aurreko urtean ekimen bera egiteagatik, isunak ezarri dizkiete lau militanteri. "Eredu burgesaren arabera ez bada, antolakuntza politikoa galarazita dugu", adierazi du asanbladak; betiere, argi utziz isunei "klase elkartasunez" erantzungo dietela, eta "langileok independentzia politikoz antolatzeko dugun beharrizanari" erantzunez, hala jardungo dutela.

Momentuz, komunitatea indartzen joateko asmoz, hilaren 27an 20:00etan jarri dute hitzordua gaztetxean. Jan-edana eta musika izango da gaztetxe aurreko "plaza beltzean". Ondoren, langile erailen auziari buruzko irakurketa zabaldu asmoz, dagoeneko aipatutako ekitaldia egingo dute, eta bukatzeko, kontzertuak izango dira gaztetxe barruan. Ondarru Crew eta Olatz igoko dira oholtzara, eta ekimenean eskuratutako diru guztia bideratuko da isunak ordaintzera.

Hortaz, 20:00etan gaztetxera bertaratzera dei egin dute asanbladako kideek, "borroka komunitatea indartzeko, isunak ordaintzen laguntzeko eta langileok bizi dugun egoera miserablea salatzeko".
Apustu etxeen aurkako mobilizazioa egingo dute Berriozarren urtarrilaren 18an
Apustu etxe berri bat irekitzear dira Berriozarren. Oraingoan ere, antolakuntza forman etorri da erantzuna: lokal berriaren irekierak sortutako "kezka" oinarri, biltzeari ekin zioten hainbat kidek, eta Berriozarko Apustu Etxeen Kontrako Plataforma sortu zuten. Mobilizaziora dei egin dute urtarrilaren 18rako, 17:00etan Emaileen Plazan. "Bi eginbehar ditugu, auziaren gainean kontzientziatzea, eta negozio horien aurka borrokatzea", diote plataformako kideek.