AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Kartzela-zigorrak ezarri dizkiete Arantza Zuluetari, Jon Enparantzari, Naia Zuriarraini eta Iker Sarriegiri

13/13 auziaren harira epaitu zituzten iaz Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta "erakunde terroristako kide izatea" leporatu diete. Absolbitu egin dituzte Julen Zelarain, Nerea Redondo eta Saioa Agirre.

Aurreko urteko uztailean hasi zen Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Nerea Redondo eta Saioa Agirreren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, 13/13 auziaren barruan. Azaroan bukatu zen epaiketa, eta akusazio gogorrak egin zituen fiskalak: ETAko "buru" izatea egotzi zien Zuluetari eta Enparantzari, ETAko "kide" izatea Sarriegiri eta Zuriarraini, eta "laguntzaile" izatea Redondori eta Agirreri. Osotara, 66 urteko espetxe-zigorrak eskatu zituen auzipetu horientzat. Kontrara, atzera bota zuen Zelarainen aurkako akusazioa.

Gaur eman dute argitara auzitegiaren ebazpena. Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote Zuluetari, "erakunde terroristako kide" izatea eta "armak eta lehergaiak edukitzea" leporatuta, lau urtekoa Enparantzari "erakunde terroristako kide" izatea egotzita, hiru urte eta sei hilabetekoa Zuriarraini akusazio berdina argudiotzat hartuta, eta hiru urte eta egun batekoa Sarriegiri, berdina leporatuta. Zelarain, Redondo eta Agirre, berriz, absolbitu egin dituzte.

2010ean egindako polizia-operazio batean atxilotu zituzten 13/13 auzian epaitutako guztiak; preso politikoen defentsan jarduten zuten hamahiru lagun eraman zituzten atxilo guztira. Tratu txarrak eta torturak jasan izana salatu zuten operazio horretan atzemandako hainbat kidek, hala nola, Zuriarrainek eta Agirrek.

Kartzelaratu egin zituzten Zulueta, Enparantza, Sarriegi, Zuriarrain nahiz Agirre. Orain ezarritako zigorrak betearazteko, kontuan izango dute aurretik preso igarotako denbora.

Preso politiko ohi bat jazarri dute Espainiako Poliziaren Gasteizko polizia-etxean
Pasaportea egitera joan da polizia-etxera preso politiko ohia, eta kalez jantzitako polizia-agente batek gela batera eraman ostean, galdekatu egin dute. Lau urteko haurrarekin zegoen.