AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Kliniken aurrean abortuaren kontrako protestak egitea onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Gasteizen, behintzat, protestak ez dira klinika paretik urrundu beharko. Izatez, Donostiako epaile batek debekatu egin zuen abortuaren kontrako elkarretaratze horiek klinikatik ehun metro baino gutxiagora egitea.

Bizitzaren Aldeko 40 Egun izeneko mugimenduak azaldu duenez, Gasteizko (Araba) Askabide klinikaren aurrean abortuaren aurkako protestak egitea baimendu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Hortaz, ez dituzte behartuko klinika paretik mugitzera eta gutxieneko distantzia bat mantentzera; bertan jazarri ahal izango dituzte klinikara doazen emakumeak.

Izatez, Askabidek protesta horien aurkako kexak aurkeztu ditu berriki. Horiek direla-eta, Gasteizen elkarretaratzeak egiteko baimenak eskatzean, honakoa ebatzi zuen Ertzaintzak urriaren 5ean: Bizitzaren Aldeko 40 Egun mugimenduko kideek zertxobait urrundu beharko zirela klinika paretik, baina protestak egin ahal izango zituztela. Dena den, gutxieneko distantzia hori mantentzeko agindua bera ere atzera bota du berriki Justizia Auzitegi Nagusiak.

Urriaren 7an, gai honi lotutako ebazpen bat eman zuen Donostiako (Gipuzkoa) epaile batek ere: kautelazko neurri modura, debekatu egun zuen abortuaren kontrako protestak klinikatik ehun metro baino gutxiagora egitea. Izan ere, ebatzi zuen klinikara doazen emakumeak jazartzen dituztela elkarretaratze horietan parte hartzen duten pertsonek. Ikasturte berriarekin hasi dira berriz abortuaren aurkako elkarretaratzeak Gasteizen nahiz Donostian.

2004an sortu zen Bizitzaren Aldeko 40 Egun mugimendua Amerikako Estatu Batuetan, eta gaur egun 65 estatutan dago antolatuta, Espainiako Estatuan barne. Abortuaren kontrako mugimendu bat da nagusiki, eta horixe izaten dute aldarri haien ekimenetan; besteak beste, abortatzeko aukera ematen duten kliniken aurrean mobilizatzen dira, otoitz eginez nahiz baraualdiak eginez.

Ostiralean epaituko dute pertsona bat, Bilboko Urkila Zentro Sozialistaren desalojoa dela-eta
Uztailean hustu zuen poliziak Urkila Zentro Sozialista, agindu judizialik gabe. Epaituko duten kideari babesa adierazteko eta bere absoluzioa exijitzeko protesta batera deitu du Bilboko Kontseilu Sozialistak; ostiralean 10:30ean izango da, Bilboko epaitegien aurrean.