AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak mobilizaziora dei egin du hilaren 29rako, Azpeitian

'Elkarrengana lotuz, kateak hautsi!' lemapean, hilaren 29an Azpeitira bertaratzera dei egin du Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak. "Krisialdiaren hamarkada" amaitzear den honetan, "kapitalak bere beharrak asetzeko langileriaren kateak estutzen jarraitzen" duela diote; "aldaketa estrukturalen" bidez, zein "eguneroko harreman moldeetan eta ohituretan eraginez". Langileen arteko "zatiketa" horri aurre eginez, baina, "langile mugimenduaren duintasunak eta borrokarako izaerak pizturik" jarraitzen duela aldarrikatu dute: "Ilusioz bizitzen ari gara Euskal Herrian autodefentsa eta auto-antolakuntza independentearen erakusle diren borroka moldeen garapena". Hala, "elkar babestearen eta batera antolatzearen garrantzia" galdegin dute Krisiaren Seme-alabek.

Azken neguetan, urtearen amaierarekin batera, hitzordu garrantzitsua izan dute Azpeitian (Gipuzkoa), urte horretan eraildako langile guztiak oroitzeko eta hilketak salatzeko. Aurten ere Azpeitiko kaleak hartuko dituzte hamabihileko berriaren atarian; Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistaren eskutik, manifestaziora deitu dute Azpeitian hilaren 29rako, Elkarrengana lotuz, kateak hautsi lemapean.

"Krisialdiaren hamarkada" amaitzear den honetan, "krisialdia bera" ez dela bukatu nabarmendu dute Krisiaren Seme-Alabek, eta "historiako krisialdi guztietan bezala", "kapitalak bere beharrak asetzeko langileriaren kateak estutzen jarraitzen" duela diote. Hala, gogoan izan dituzte nazioartean aurten azaleratu diren hamaika adibide, non "langileriaren askatasun politikoen ukapena muturreraino eraman" den; hala nola, Txilen, Bolivian, edota Venezuelan.

Kateak gori

Europar Batasunean hamarkada honetan izan diren "aldaketa estrukturalak" ere "irabazi-gose horren isla" direla azaldu dute Krisiaren Seme-alabek: "Europako potentzia nagusiak jada ez dira gai ongizate estatua mantentzeko, eta guztion susperraldirako formula omen diren horiek, agerian uzten dute nork ordaindu behar duen bidesariaren prezioa".

Modu horretan kokatu dituzte lan baldintzen eta langileen eskubideen murrizketak; esaterako, 2012. urteko lan-erreforma zein lanpostuetan izan diren hilketa guztiak. Erakusle gehiago ere mahaira atera dituzte, baina: "migrazio politikak", "prestazio sozialak eskuratzeko trabak", "kontrol sozialaren areagotzea", eta abar. "Alderdi eta agente nazionalek, oligarkien interesei jarraiki eta demokraziaren izenean, langileon gain jartzen dute ardura. Herrialde guztietako langilearen bakantzea eta inpotentzia elikatzen dute, eta patrikan dirua duena babesten".

Zatiketa eta diziplina

"Aldaketa estruktural" horiek, ordea, "politika instituzionaletik harago" doazela diote sare sozialistako kideek: "Eguneroko harreman eta moldeetan eta ohituretan eragitea dute helburu, itxura batean kontzienteak diren hautu horietan guztietan".

Hala, langileriaren barruan "zatiketak eragiteko modu ikusezinak normalizatzen eta elikatzen" direla adierazi dute, "boteredunen eskirol diren figura diziplinarioak sarituz". Esaterako, "langileen eskubideak ukatzen dituzten enpresari eta arduradun autoritarioak", "emakumeen erasotzaileak", "migratzaileen aurka diharduten xenofobo eta faxistak", edota "gure aldarriak zapuzteko eskrupulurik ez duten sasi-demokratak" aipatu dituzte.

Miseriaren aurrean, elkartasuna eta autodefentsa

"Erasoak eraso", "langile mugimenduaren duintasunak eta borrokarako izaerak pizturik" jarraitzen duela aldarrikatu dute Krisiaren Seme-alabek. Besteak beste, Bizkaiko metalgintzan, adinekoen egoitzetan, edota gune autogestionatuetan ernaldu diren borrokak gogorarazi dituzte.

Dena den, "garaipen iraunkorrak eskuratzekotan", "borroka epe luzerako helburuen baitan antolatzea ezinbestekoa" dela azpimarratu dute: "Erresistentzia borroken eta bitartekariei eskariak egitearen paradigma gainditzeko garaia da". Hala, adierazi dute "ilusioz bizitzen" ari direla "Euskal Herrian autodefentsa eta auto-antolakuntza independentearen erakusle diren borroka moldeen garapena".

"Langileok batzen gaituena", "zapaldu eta kolpatu izaeraz" harago, "elkar babesaz eta elkartasunez indarrak biderkatzeko, eta zapalkuntza modalitate oro gainditzeko dugun betebehar historikoa" dela ondorioztatu du Azpeitiko sare sozialistak. "Eskatzeak eta itxaroten egoteak ez ditu gure arazoak konponduko. Ezinbestekoa dugu zatiketaren aurrean modu bateratuan erantzutea. Horregatik, gure egiten dugu eraso eta erasotzaileen aurkako borrokaren eta etorkizun askearen bide-orria elikatzeko ardura eta hautua", diote: "Beharrak eta borondateak elkartuta potentzia garelako".

Bost eguneko greba egingo dute Itaroako Yelmo zinema aretoetako langileek
Borrokan jarraitzen dute Uharteko Yelmo zinema aretoetako beharginek, lan baldintza duinen alde. Apirilean ere grebara jo zuten, besteak beste, soldata "oso baxuen" igoera exijitzeko. Enpresako zuzendaritzarekin hainbat batzar egin dituzte langileek, baina ez ditu haien eskaerak onartu, eta grebaldi berriarekin erantzutea erabaki dute. Udaberriko borrokaldiaren ostean enpresa salatu zuten langileek, greba eskubidea urratzeagatik.