AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Labik gaur onartuko ditu neurri murriztaile berriak, Auzitegi Nagusiari galdegin gabe

16:30ean bilduko da Labi batzordea, eta Eusko Jaurlaritzak urte amaierari begira ezarriko ditu neurri murriztaile berriak. Pandemiaren aurkako legearen babesa duelakoan, ez du EAEko Auzitegi Nagusiaren bermerik eskatuko.

Bukatzear da urtea, eta neurri murriztaile gehiago iragarri dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea —Labi— gaur elkartuko da, 16:30ean, eta dagoeneko mahai gainean dauden neurriak aztertuko ditu. Aurreratu dutenez, onartuko diren neurriek zerikusia izango dute merkataritza eta ostalaritza establezimenduetako ordutegiekin nahiz edukierekin, batez ere.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dituzte gaur onartutako neurriak. Eusko Jaurlaritzak, gainera, ez dio kontsultarik egingo EAEko Auzitegi Nagusiari; ez du haren bermerik eskatuko neurriak indarrean sartu aurretik. Izan ere, Jaurlaritzak iritzi dio baduela berme juridiko bat jada: pandemiaren aurkako legea deiturikoa.

Iñigo Urkullu lehendakariak autonomia erkidegoetako presidenteen konferentzian proposatu zituen Labik gaur aztertuko dituen neurrietako batzuk. Labik aztergai izango dituen neurrien artean daude, besteak beste, edukierak %60ra jaistea, ostalaritza establezimenduetan zutik kontsumitzea debekatzea, establezimenduetako ordutegiak mugatzea —zenbait egunetan 21:00etan itxi behar izatea—, nahiz mahaietan elkartu daitekeen pertsona kopurua mugatzea —hamar pertsona gehienez—.

Neurri murriztaile gehiago ezarriko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak
Eusko Jaurlaritzak ez du neurrien inguruko kontsultarik egingo EAEko Auzitegi Nagusian, eta urtarrilaren 28ra arte izango dira indarrean arau berriak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan urtarrilaren 14ra arte izango dira martxan; besteak beste, eremu gehiagotara zabalduko dute Covid ziurtagiriaren derrigortasuna.