AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Lan-gatazka bat irabazi du Donostiako Kontseilu Sozialistako Langile Autodefentsa Sareak

Maiatzean lan-istripu bat izan zuen Donostiako taberna batean lanean ari zen behargin batek, eta kontraturik gabe ari zenez, kaleratu egin zuten eta ez zioten baja ordaindu. Langile Autodefentsa Sarearengana jo zuen langileak, eta nagusiek zor zioten dirua ordaintzea lortu dute.

Donostiako (Gipuzkoa) Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, lan-gatazka bat irabazi du Langile Autodefentsa Sareak. 20 urteko langile bat Donostiako taberna batean hasi zen lanean joan den maiatzaren 23an, kontraturik gabe. Lan-istripu bat izan zuen hiru egun beranduago, eta kontraturik ez zuenez, tabernako nagusiek ez zioten legezko baja hartzen utzi, ez eta horri lotutako eskubiderik bermatu; esaterako, ez zioten baja egoera ordaindu. Horretaz gain, kaleratu egin zuten une horretan, eta beharginak ezin izan zuen lanik egin istriputik sendatu bitartean.

Donostiako Langile Autodefentsa Sarearekin harremanetan jarri zen langilea, eta borrokari ekin zioten orduan. Azkenean, nagusiek langileari zor zioten zenbatekoa ematea lortu dute: bajari lotutako kalte-ordainak nahiz lanik egin gabe igaro behar izan zuen denborarengatiko kalte-ordainak ordaindu dizkiote.

Kontseilu Sozialistako kideek azaldu zutenez, nagusiek, hasieran, uko egin zieten Langile Autodefentsa Sareak eta kaltetutako langileak egindako eskaerei. Gerora, ordea, onartu egin dituzte haiek egindako eskakizunak.

"Ezinbestekoa da halako egoerei erantzutea. Nagusien inpunitatea eta proletalgoaren babesgabetasuna borrokatzeko defentsa mekanismoak sortzea dagokigu, horiek langileriaren antolakuntza politiko independenterako baliatzeaz gain", seinalatu du Kontseilu Sozialistak.

🔴🔵 LANGILE AUTODEFENTSA SAREA

𝗟𝗔𝗡 𝗚𝗔𝗧𝗔𝗭𝗞𝗔 𝗕𝗔𝗧 𝗜𝗥𝗔𝗕𝗔𝗭𝗜 𝗗𝗨𝗚𝗨

Kontraturik gabe lan istripua jasan ondoren, nagusiek zor zizkioten 2000 eurotik gora ordaintzea lortu dugu. pic.twitter.com/VIkm6QjByS

— Kontseilu Sozialista Donostia (@Kontseilua_Don) July 17, 2022
Lan-istripuz hil da Lazaro Galarza iheslari politiko ohia
Mexikon galdu du bizia oderiztarrak; 32 urte egin ditu ihesean, eta Euskal Herrira itzultzekoa zen jada.