AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Lan politikoa egiteko baldintzen defentsan, mila lagunetik gora bildu dira Baionan

Gabi Daraspe Mugimendu Sozialistako militantearen absoluzioa exijitzeaz gain, amnistia osoa aldarrikatu dute gaurkoan Baionako kaleetan, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak deituta.

Astebete igaro da Ertzaintzak Gabi Daraspe Mugimendu Sozialistako kidea atxilotu eta Martutenen (Gipuzkoa) kartzelaratu zuenetik, 2018an jarritako zigor bat betearazteko; ikasle greba bateko gertaerekin lotuta kondenatu zuten garaian. Defentsak zigorra berriz eteteko egindako eskaera onartua izan denez, urruñarra herenegun irten zen kartzelatik, baldintzapean. Hala ere, bere horretan jarraitzen du 2018an ezarritako sei hilabeteko zigorrak, eta bere jardun politikoarekin lotura duten beste bi auzi daude zabalik; bi urteko espetxe-zigorra eskatzen dute beretzat prozedura horietako batean, eta beste bost gazte ere badaude auzipetuta.

Horren harira deitu zuen mobilizatzera Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Darasperen absoluzioa exijitzeko eta amnistia osoa aldarrikatzeko. Hala, gaur, ekainaren 3an, milatik gora pertsona elkartu dira Baionan (Lapurdi), lan politikoa egiteko baldintzen defentsan. 19:00etan irten da manifestazioa San Andres plazatik, Gabi absolbitu. Amnistia osoa lelopean.

Proletalgoaren eskubide politikoak ezbaian

Manifestazioa bukatzean hartu dute hitza Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek, eta azpimarratu dute, Darasperen absoluzioaz gain, "lan politikoa egiteagatik errepresioa pairatzen duen militante ororen askatasuna" dutela aldarri. "Estatua burgesiaren interesen bermatzailea da. Horien aurka antolatzeagatik, mobilizatzeagatik edo iritzi politikoagatik azken urteetan jazarriak izan direnen izen-zerrendak behin eta berriz erakutsi digu, estatu kapitalistetan, eskubide politikoak ilusio bat direla proletalgoarentzat. Formalismo hutsa baizik ez", azaldu dute.

Salatu dute, beraz, "eskubide bermatzaile gisa saltzen duten Estatua zigor mekanismo bilakatzen" dela "klase independentziaren baitan antolatzen den edonorentzat". "Logika horretan, presondegiak dira militantzia politikoa zigortzeko instituzio errepresibo gogorrenetakoak" zioten.

"Oinarrizko produktuen kariotzearekin langileria ekonomikoki itotzen ari diren garai honetan", estatu kapitalistak hartu duen jarrera "protesta egiteko eta politika egiteko askatasuna murriztea" eta "indar polizialak indartzea" izan dela seinalatu du Kontseilu Sozialistak. "Oinarrizko askatasun politikoen deuseztapena eta errepresioaren areagotzea pairatzen ditugu", laburbildu du.

Politika egiteko baldintzen defentsan

"Testuinguru honetan, sozialismoaren eta amnistiaren norantzan lerratzea da gure lana: gizarte antolamendu aske baten alde eta borroka horren jazarpenaren aurka. Batak ez baitu zentzurik bestea gabe", zehaztu dute Kontseilu Sozialistako kideek: "Horregatik, antolakuntza komunistaren aurkako erasoei buru egiten eta politika egiteko baldintzak defendatzen segituko dugu".

Berriz espetxeratu dute Xabier Atristain preso politiko ohia
Espainiako Auzitegi Gorenak aginduta, atzo atxilotu eta kartzelaratu zuten berriz donostiarra. Duela lau hilabete geratu zen aske, behin-behinean.