AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Langile Autodefentsa Sarea Bilbo sortu dute, soldatapeko lanaren esparruan defentsa-mekanismoak garatzeko

Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean egindako agerraldi baten bidez aurkeztu dute Langile Autodefentsa Sarea. "Soldatapeko lanaren esparruan defentsa-mekanismoak garatzea eta antolakuntza komunista hedatzea" da helburua, eta nabarmendu dute "burgesiarekiko indar-harremanaren aldaketa baten ondotik baino" ezin dela lortu "gure lan-baldintzen defentsa eta hobekuntza". Otsailaren 11n aurkeztuko dute sarea, Bilboko La Bolsan.

Krisi kapitalistaren testuinguruan eta, beraz, burgesiak aurrera daraman berregituratze ekonomiko zein sozialaren testuinguruan, "langile klasea modu eraginkorrago batean esplotatu ahal izateko oinarria ezartzen ari da klase agintaria", aurkezpenean azaldu dutenez. Horri aurre egiteko eta "sozialismoaren aldeko prozesu orokorra elikatzeko" sortu dute, hain zuzen, Langile Autodefentsa Sarea Bilbo, Bilboko (Bizkaia) Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez.

Proletalgoaren bizi-baldintzak orokorrean okerragotzen ari direla azpimarratu dute, eta ezinbestekotzat jo dute "soldatapeko lanaren esparruan ere proiektu komunistarekiko atxikipena handitzea"; izan ere, zehaztu dutenez, "gure lan-baldintzen defentsa eta hobekuntza burgesiarekiko indar-harremanaren aldaketa baten ondotik baino ezin da etorri".

Era berean, ezkerreko alderdi instituzionalek eta sindikatuek proletalgoaren interesak asetzeko planteamendu errealik ez dutela salatu dute. Kontrara, "sozialdemokraziak burgesiaren programa ezartzeko funtzio politikoa" konplitzen duela seinalatu dute. "Estrategia independente bat gorpuztu gabe, sozialdemokraziaren behar politikoetarako erabilgarria izateko etengabeko arriskua dago", ohartarazi dute, bestalde, sarearen aurkezpenean.

Horrekin batera, azaldu dute ez dela nahikoa proletalgoaren bizi-baldintzen defentsarako bitartekoak garatzeko, alderdi politiko instituzionalekiko eta sindikatuekiko kontrakotasuna adieraztearekin. Estrategia independente baten gabezian, "estrategiarik gabeko autodefentsa talde lokalak sortzeko planteamendu politikoak" dituen mugetan jarri dute azpimarra, hala.

Aurkezpena, hurrengo ostiralean

Beraz, soldatapeko lanaren esparruan defentsa-mekanismoak martxan jartzeko eta antolakuntza komunista zabaltzeko asmoz sortu dute tresna berria Bizkaiko hiriburuan. Egitarau bat ere antolatu dute Langile Autodefentsa Sarea Bilbo ezagutzera emateko, eta lehen hitzordua otsailaren 11n, ostiralean, izango dute. Sarearen aurkezpen saio bat egiteaz gain, lan-erreformaren inguruko hitzaldi bat egingo dute, Bilboko La Bolsa eraikinean, 18:30ean.

Hurrengo egunerako, otsailaren 12rako, kontzertuak antolatu dituzte Errekalde auzoko Etxarri gaztetxean. Bake Faltsua, Krav Boca eta Habemus Papa(m) taldeak arituko dira.

Ibaetan mobilizatzera deitu dute IAk eta UIBk, jasandako errepresio politikoa salatzeko
Hurrengo ostegunean, otsailaren 10ean, 12:00etan abiatuko da manifestazioa Ibaetako campuseko Aulariopetik. Unibertsitateko errepresio politikoari aurre egiteko eta askatasun politikoak defendatzeko helburuarekin egingo dute mobilizazioa.