AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Langile bat eraila Antsoainen, urteko hogeita hamabosgarrena gutxienez

Nafarroako Antsoain eta Melida herrietan gertatu dira lan istripuak. Lehenengoari dagokionez, 7 metroko altueratik erori zen atzo 46 urteko langile bat; larri eraman zuten erietxera, eta goizak gaur zendu da. Bigarrenari dagokionez, 26 urtekoa da zauritu den behargina. Dagoeneko 35 langile erail dituzte urtea hasi zenetik.

Bi lan istripu izan ziren atzo Nafarroan; Antsoainen bata, eta Melidan bestea. Alde batetik, 46 urteko langile bat 7 metroko altueratik erori zen soldatapean lanean ari zela. Larri zauritu zela-eta, larrialdi zerbitzuak bertaratu ondoren, Nafarroako Ospitalera eraman behar izan zuten, eta bertan zendu da. Antsoaingo industrialdeko Grupo San Cristobal enpresarentzat egiten zuen lan eraildako beharginak. Egun itxita badago ere, etorkizunean, bertan enpresa berri bat martxan jartzeko asmoa dute, eta tokia egokitzeko lanetan jarduten zuen langileak. Hain zuzen, isolatze lanak ari zen egiten.

Bestalde, ospitale berean artatu behar izan zuten bigarren behargin zauritu bat atzo. Azken horrek Melida herrian izan zuen lan istripua; eskua zanpatu zion lantokiko makineriak, eta hautsi egin zizkion hatzak. 26 urte ditu.

Pasa den astean, beste bi langile zauritu ziren soldatapean lanean ari zirela; Lasarten (Gipuzkoa) bata, eta Urduñan (Bizkaia) bestea.

35 langile erailak aurten

Gutxienez, 35 langile erail dituzte soldatapean Euskal Herrian urtea hasi zenetik. Horietan azkena Nafarroan bertan izan zen eraila, urria hasieran. Burlatan izan zen hilketa; eraikuntza lanetan ari zen behargin bat erori egin zen, eta bertan geratu zen hilotz. Irailean, aldiz, gutxienez bi langile hil zituzten; bata Kasedan (Nafarroa), eta bestea Amurrion (Araba).

Sutea izan da Gernikako Bloke Naranjan, eta hutsik dago eraikina une honetan
Su hartu du Bloke Naranjako etxebizitzetako batek arratsaldean, baina hutsik zegoen eraikina, eta ez da zauriturik egon. Eztenaren eta Harrera Sarearen proiektuaren parte da bizilekua. Blokea husteko agindua eman du Ertzaintzak, eta itxita dago une honetan.