AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Langile bat 'in itinere' hil da Tuteran, eta beste bat Idiazabalen, basogintza-lanetan ari zela

Langile batek astelehenean izan zuen lan-istripua Tuteran, lanetik bueltan. Astearte goizean, bestalde, pinu batek hartu zuen azpian basoko behargin bat. Aurten gutxienez 38 lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.

Azken egunetan, gutxienez bi lan-heriotza atera dira argitara Euskal Herrian. Batetik, astelehen arratsaldean, 16:00ak aldera, trafiko-istripua izan zuen langile batek Tuteran (Nafarroa), in itinere. Antza, lanetik bueltan zela, talka egin zuten 26 urteko beharginaren autoak eta kamioi batek.

Astearte goizean, bestetik, Idiazabalgo (Gipuzkoa) Urtsuaran basoan izan zuen lan-istripua basoko langile batek. Dirudienez, pinudi batean ari zen lanean 49 urteko langilea, enborrak mugitzeko makina batekin; pinu bat erori zitzaion gainera.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez 38 langilek galdu dute bizia haien lanpostuetan edo lanera bidean. Ekainak 15 ditu gaur, eta hilabete honetan hamar lan-heriotza izan dira jada.
Unibertsitate-ikasketadunen artean ere gora doa langabezia Espainiako Estatuan
30 eta 34 urte arteko tituludunen artean bakarrik, %9,8ko langabezia zegoen 2018an; 2006ko %5,7koaren aldean. Europar Batasuneko batez bestekoarekin konparatuta, ia bikoitza izan zela ohartarazten du Espainiako Bankuak. Emakumezkoen kasuan, %10,5ekoa izan zen desenplegua adin- zein denbora-tarte berean. Azken datuen arabera, unibertsitate-ikasketak dituzten 30 eta 34 urte arteko landunen ehunekoa ozta-ozta iritsi zen %44ra, "lanpostu kualifikatu" deiturikoetan. "Litekeena da goi-mailako ikasketen kalitate baxuak eta ekonomiaren ezaugarri estrukturalek eragina izatea", aitortzen du Espainiako Bankuak.