AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Langileak kaleratu edo soldatak jaitsiko ditu Tubacexek, elkarrizketak amaituta

Atzo itxi zuten bilera zikloa Tubacexeko langileen ordezkariek eta zuzendaritzak, adostasunik gabe. Orain, enpresako administrazio kontseiluko kideek erabakiko dute langileak kanporatuko dituzten edo soldatak murriztuko dituzten. Ostiralean lanuzteak eta manifestazioa egingo dituzte beharginek.

Atzoko egunez, urriak 14, egin zen Tubacexeko zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko zazpigarren eta azken bilkura. Gaur zuten, berez, azken epea enpresaren geroaren inguruko posizionamendua adosteko. Krisiari aurre egiteko eta dirua aurrezteko aitzakiaz, enpresak soilik bi aukera aurkeztu ditu orain arte: 150 langile kaleratzea Amurrioko (Araba) eta Laudioko (Araba) fabriketan edo soldatak murriztea, 10 milioi euro irabazteko gisan. Langileen ordezkariek ez dituzte bi aukera horiek onartu.

Bere aldetik, erabakia hartzeko ardura administrazio kontseiluari pasatu dio enpresako zuzendaritzak, eta bere esku utzi du kaleratze edo soldaten inguruko azken hitza. Gainera, gaur beste bilera bat egin dute sindikatuekin, aldi baterako enplegu erregulazio espediente bat jarri nahi dutelako martxan.

LANUZTEAK

Ostiralean lanuzteak egingo dituzte beharginek, 18:00etatik 22:00etara bitartean. Bestalde, mobilizazio bat egingo dute Amurrion, 19:00etan udaletxetik abiatuko dena.

Greba egingo dute Osakidetzako langileek
Osakidetzak "egiturazko arazo larria" bizi duela salatu dute. Ondorioz, grebara joko dute urriaren 29an, azaroaren 5ean eta 12an. Deialdiak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian izanen dira, hurrenez hurren.